Goazen kalera! ibilaldiak 2026ko lehenengo saioa izan du aste honetan Usurbilgo Aginaga auzoan. Herriko jubilatuak eta ikastetxeetako ikasleak astean behin elkartzen dituen egitasmoak belaunaldi arteko harremana sustatzea eta herri zaintzailearen norabidean urratsak ematea ditu xede.

Hitzorduak astearteetan izaten dira, 10:30etik 12:00etara, eta ibilbideak Usurbilgo gune ezberdinetan txandakatzen dira: Kaxkoan bertan ez ezik, Aginagan, Zubietan edo Santuenean. Saioaren amaieran, Oinarrizko Lanbide Hastapeneko ikasleek prestatutako hamaiketakoa partekatzen dute, elkarrizketa giro lasaian.

Antolatzaileen arabera, paseo partekatua da hitzorduen ardatz nagusia, baina egitasmoa ez da formatu itxi batean geratzen. Tarteka, ekintza bereziak antolatzen dira, edo ibilbidea moldatzen da, adibidez, Egurtzegiko zaintzadun etxebizitzen auzunetik igarotzeko. Helburua da adinekoen egunerokoan gertutasuna eta presentzia soziala indartzea, gazteen parte-hartze aktiboarekin.

Udaran ere

Aurten, urtarriletik abuztura bitarteko egutegia osatu da. Antolatzaileek azaldu dutenez, udan ohikoa izaten da hainbat zerbitzu ixtea edo etetea, ordutegiak aldatzea eta herria neurri batean hustea, eta horrek bakardade egoerak areagotu ditzake adinekoen artean. Testuinguru horri erantzuteko, zaintza ekosistemaren barruko zerbitzuen lantaldeak eskaintza osagarria proposatu zuen iaz.

Hala, ordura arte ez bezala, Artzabalgo Eguneko Arreta zerbitzuak abuztuan ere zerbitzua emateaz gain, astean behin paseo labur bat eta ondoren kafe baten bueltan tertulia egiteko aukera eskaini zuen. Esperientziak harrera oso positiboa izan zuen: 35 bat herritarrek hartu zuten parte udako saioetan.

Balorazio horren ondorioz, ekimena aurten ere errepikatzea erabaki da. Udako hilabeteetan, ikasleen parte-hartzerik gabe bada ere, asteroko hitzorduak finkatuta daude jada egutegian, adinekoei jarraipena eta konpainia eskaintzeko. Antolatzaileen esanetan, Goazen kalera! egitasmoak erakutsi du eguneroko keinu txikiek —paseo batek, elkarrizketa batek— komunitatea sendotzeko duten gaitasuna, eta norabide horretan lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute.