Zazpi hilabeteren ostean, atzo Realaren deialdian sartu zen berriz Esteban Granero jokalari madrildarra, lesio larri bat gainditu eta gero. Kirolari atipikoa da, hori esan izan digute behitzat. Izan ere, irakurtzeko zaletasuna du. Horixe aski, antza, atipikoa izateko. Horrez gain, psikologia ikasten ari da eta poemak idazten ditu. Gainerako futbolarien denborapasez galdetu izan diotenean, ez du haien zaletasunik gaitzetsi, baina beti argi utzi izan du berak nahiago duela liburu bat irakurri PlayStation-ean jolas egin edo Twitter bidez minutuz minutukoa kontatu baino. Izar mediatiko handirik gabeko talde batean dihardu orain, baina Real Madrileko figura handi asko ezagutu ditu aurrez. Cristiano Ronaldo, Raul, Guti... Haien aholku eta irakaspenen bidez fakultatean baino psikologia gehiago ikasi bide du.
Futboleko izar handiek ez dute gainerakoon errealitatea bizi. Famatuak dira, diru asko irabazten dute, krisiak ez die eragin... Gutariko beste edozein ere burbuila batean biziko ginateke baldintza berberak bagenitu. Eta izar handiek bezala, ezagutzen ez gaituztenen aurriritziak jasan beharko genituzke. Cristiano, esate baterako, harroputz hutsa dela sinetsi dugu. Granerok, aldiz, ezagutu duen pertsonarik umilenetakoa dela dio. Cristianok bideo-jokoak nahiago ditu liburuak baino, bai. Alegia, bere adinekoen gustu bertsuak ditu. Ezin esango dugu parkeak liburuak irakurtzen diharduten gaztez beterik daudenik, ala?
Orain 25 urte ez zegoen bideo-jokorik, baina orduan ere bitxi gertatzen zitzaigun Xabier Sagartzazu zena, Realean ziharduen garaian, liburu bat besapean zuela ikustea. Behin baino gehiagotan ikusi nuen, haren taldekideak ez bezala. Baina orduan ere ez ziren gazte koadrilak Donostiako Bulebarrean literaturaz hitz egiteko biltzen. Agian izarrak uste genuena baino arruntagoak direla pentsatzen hasi beharko dugu.