Urkixo
espainiako gobernuak ordezkari ezin hobea hautatu zuen EAErako. Hemengo harreman-moduak, bizikidetza, elkarbizitza hobetzen ari zirela ikusi zutenez, dena kakanahasteko moduko elementua bidali ziguten. Tira, bidali ez, geu bezain hemengoa baita, baina hemengoak ez direnen interesen zerbitzura jarri zuen Raxoiren gobernuak. Langilea denik ezin ukatuko diogu gizonari, 500 errekurtso baino gehiago aurkeztu baititu denetariko euskal erakundeen aurka. Ia ez dago libra-tzen denik, eta libratzen diren bakan horiek euskalgintzaren eta herrigintzaren zerrenda beltzean sartu behar genituzke zuzenean. Bai, langile porrokatua da laudioarra, eta aurreko gobernu-ordezkariak barregarri utzi ditu, Urkixok hamarkoiztu egin baititu haien ekinbideak.
Carlosek ezin du onartu EAEko erakunde publikoek Nafarroako edo Iparraldeko euskarazko irakaskuntza bultzatzeko diru-laguntzak ematea. Euskararekiko mespretxua besterik erakusten ez duen alderdi baten ordezkariak ezin ontzat eman arrotz zaion hizkuntza baten aldeko laguntza are arrotzago zaizkion lurraldeetako ikastetxe eta erakundeentzat. Marianoren morroiak ezin ameto eman alderdi espainiarrek boto bakar bat izan ez duten udaletan Espainiako bandera ez jartzeko erabakia, ezin zuzenetsi kontratazio publikoetan euskara lehenestea. Finean, ezin etsi hau Espainia dela, denok espainiarrak garela egunero gogorarazi gabe.
“Honek tontotik ilerik ez du, ta listotik ere gutxi” bota zuen behin Egañak, goiak soildutako agintari bati buruz. Kasu honetan ere balio dezake ateraldi gisa, baina Urkixo argia da. Badaki zertarako jarri zuten, badaki zer eta nola egin, nor zirikatu eta non bota amua. Lan asko, lan on asko egiten ari da gure gizona, gure Mortadelo arabarra. Antz fisikoaz harago, mozorrozaletasunean ere badute eitea. Fiskal, epaile, guardia zibil edo borrero... jantzi guztiak ditu gustuko, eta denen gainetik, bazter-nahaslearena. l