Gure esku dago
Adin nagusitasunera heldutako seme edo alabari alferrik esango diozu ez daukala etxetik joaterik. Nora joanik ez badu, sakelan sosik ez badauka, alde egiteak ilusio berezirik eragiten ez badio...hantxe jarraituko du, etxekoek ezer askorik eskaini ez arren, baina joateko irrikaz dagoenari ez dio inork erago-tziko motxila hartu eta ospa egitea. Are gutxiago, debekua ezartzen diotenak gurasotzat aitortzen ez baditu.
Euskal herritarrak adinez nagusi gara, aspaldi joan zitzaizkigun nerabezaroko pikorrak, eta badakigu askotariko pentsaerak nahasten direla gure artean. Batzuek zilegitasun osoa aitortzen diete bere baitan nahi gaituzten bi estatu handiei, nortasun agiri espainiar edo frantsesa poltsikoan dutela eroso bizi dira egungo egoera administratibo eta politikoan. Beste batzuk, agiria aldatzeko asmorik izan ez arren, egitura moldatu edo malgutzearen alde daude, estatuekiko botere-harremanen errebisio baten bidez. Baina bada estatu handi horien barnean jarraitu nahi ez duenik, derrigortasunaren loturak hautsi eta bestelako bideak abiatzearen ametsak darabilenik. Geure burua azken multzo honetan kokatzen dugunon artean, gehienok bortxaren bideak espresuki baztertu eta deitoratu ditugu, eta batzuek bortxa horrek eragindako biktimen ondoan egotea erabaki genuen, ideologiak bazter utzi eta giza-berotasunari lehentasuna emanik. Ez ginen beti egongo, beharbada, egon behar genuen lekuan eta moduan, baina saiatu egin ginen. Eta orain, babestu nahi izan genituen horien arteko askok iraindu eta erasotu egiten gaituzte, argi eta garbi errefusatu ditugun borroka-moldeekin nahasiz, ideiak kriminalizatuz.
Ez, ez dut sentitzen ez dudan agiririk nahi sakelan, nire hitza eta erabakia argiro jakinarazi nahi ditut. Independentista izaera baino goragokoa dut demokrata konbentzimendua. Horregatik, demokraziaren zutabe ezinbestekoa dela uste dudalako, ahots ozenez diot: gure esku dago.