Beste urrats bat
BESTE urrats bat eman dute ETAko presoek, nabarmena eta garrantzitsua. Aurrez emanikoen jarraipen logikoa, baina balioetsi beharrekoa. Martxoan Bilbon eta Iruñean bake prozesua indartzeko egindako Foro Sozialaren ondoren abiaturiko gogoetaren ondorio da atzo argitara emandako komunikatua. Euskaraz ongi erredaktatu eta Marixol Iparragirrek egoki irakurririko mezuan, eragindako kaltea aitortu eta bere gain hartu du erakunde oraindik armatuak. EPPK deitzen du bere burua, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, eta ez dut nik euren ekintzen oinarri politikoa ukatuko baina, hain juxtu ere, jarduera ez politikoak eragin du orain, hainbeste urteren buruan, aitortzen duten kaltea. "Gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendu eta mina zinez aitortzen dugu" diote eufemistikoki, hautaturiko bortxa-bidea ezinbesteko ondorio izan balitz bezala. "Inposaketari, zapalkuntzari, eskubide urraketei aurre egiteko iraganean erabilitako moldeari, aurrera begira uko egitea berresten dugu" ere entzun dugu Iparragireren ahotsez. Bistan geratu denez, estatuen gehiegikeriei arma berberez -inposaketaz, zapalkuntzaz eta eskubide urraketaz- erantzuteak ez du oinaze gehiago besterik ekarri. Hitz-joko eta eufemismoez harago, benetako konponbidea nahi duen edonork poztu beharko luke atzoko komunikatuaz, berandu heldu dela eta erabat osatu gabe dagoela iritzi arren.
Presoen kolektiboak, bestalde, ontzat eman du etxeratze-prozesua lege-baliabideak erabiliz gauzatzea "guretzat inplizituki zigorraren onarpena dakarren arren". Etxeratze bidean, konpromiso indibidualak onartu ditu, gainera. Erritmo eta moduekin guztiz ados ez dagoenak ere nahitaez aitortu beharko ditu ETAren munduak eman dituen pausoak. Orain Espainiako Gobernuari dagokio ausart jokatu eta erabakiak hartzea, eskuin-muturreko korronteekin dituen kateak etenik. Mariano Raxoik aukera historikoa du aurrean, alferrik galduko balu sekula barkatuko ez litzaiokeena.