Síguenos en redes sociales:

Ibaiaren beste aldean

ez zuten hitzik esan, baina han izan ziren. Ez ziren oholtzara igo, ez zieten kazetarien galderei erantzun, baina Carmen Gisasola eta Iñaki Altza ETAkide ohiek mila hitzek baino gehiago balio duen besarkada eman zioten ostiralean Rosa Roderori, ETAk orain 20 urte hildako ertzainburuaren emazteari. Aurrez, Ibaizabalen hegi batetik bestera igaro zen Rosa alargunari eta Jose eta Leire seme-alabei elkartasuna adierazi nahi izan zien jendetza. Urrats hori irudikatu nahi izan zuten Zubizuri zeharkatzean, indarkeriaren eta gorrotoaren hegitik bizikidetzaranzkoa. Herenegun minutu gutxi batzuetan zeharkaturiko zubia 20 urteko guruzbidea izan da Rosaren-tzat. Herenegun loreak bota zituen ibaira, baina arantzaz beteriko xendra hitsa izan da orain arteko ibili neketsua. Aspaldi ekin zion, halere, burua altxa eta ibaiaren beste aldera begiratzeko ahaleginari, bai baitaki gorrotoaren ortuan ez dela etorkizunik ernetzen.

Alderdi guztietako ordezkariak izan ziren herenegungo elkarretaratzean, PP eta UPyDkoak izan ezik. Popularrek agenda arazoak izan omen zituzten, Rosa Diezen alderdiak, aldiz, ez du hegiz ez egiaz aldatu nahi. Aurrera begiratu, ez dago beste erremediorik. Ezin da bestela etorkizunik, bizikidetza sanorik eraiki. Koska handia dago auzo izatetik bizilagun izatera. Gutariko edonor hiltzeko gai izan denak, gutariko edonor hil dutenean isilik geratu denak, errebisio kritiko bat egin beharko du, besteok bizilagun senti dezagun nahi badu. Ramon Saizarbitoriak aho-bizarrik gabe esan du aste honetan bertan: "Ideiengatik ezin dela hil jaso behar luke gutxienez errelatoak". Hori ez da atzera begiratzea, aurrera egiteko baldintzak egokitzea baino. Atzo desberdin pentsatzen zuena hiltzeari zilegi zeritzonak, bihar ez du hura errespetatuko, eta besteok ere ezin izango dugu harekin begirada garbirik gurutzatu. Horixe erakutsi zigun Rosa, Carmen eta Iñakiren arteko besarkadak. Joseba hil zuten lekutik hurbil, baina ibaiaren beste aldean.