Síguenos en redes sociales:

Duintasun ahantzia

Kalean ez dugu dokumentazio beharrik izaten... larruazala beltz edo arropa zarpailduak izan ezean. Horiei hartzen die kargu poliziak, horiei jartzen trabak zenbait denda eta tabernatan. Etxegabeei ogitartekoak emateko programa batean parte hartzeko aukerari muzin egin zion gure herriko ostatu batek. Ez zuten horrelako jenderik nahi. Hori bai, argi utzi zuten ez zutela deus euren kontra. Gure artean ez dago arrazismorik, ez klasismorik, inork ez du inor baztertzen azalaren koloreagatik, itxuragatik, behartsu izateagatik. Baina... ez gara sobera nahasten. Izan ere, zarpail-kiratsa ez da gomendagarri emazteari musu eman edo asteazkeneko pintxo-potera joateko.

Duintasuna. Hitz hori aipatu zion orain pare bat urte kalean bizi zen gizon batek aterpetxe batean laguntzen ziharduen boluntario bati: "duintasunez tratatzen nauzu, goxotasuna eskaintzen didazu, hemen gizakia naizela sentitu dut, aspaldiko partez."

Lander Ugartemendia 28 urteko irundarra da. Zenbait urtez udako oporraldia Burkina Faso eta Chiapasko behartsuei laguntzen pasatu ondoren, 2013 hau oso-osorik Boli Kostako Korhogo hirian darama. Fisiko nahiz psikikoki ezinduta dauden haurrei laguntzen die eta, malariari ihes eginez, egun bakoitza azkena balitz bezala gozatzen du. Aste honetan Facebook-en partekatu duen bizipen batek eman dit gaurko artikulurako gaia. "Zalantzarik gabe, gaurkoa egun berezia izan da oso, zirrara eragiten duten horietakoa. Gaur goizean, ezinduen zentrora etortzen den neska baten anaiak opari zoragarri bat egin dit, nire ohearen neurriko ehunki-koadro bat. Neuretzat bereziki egin duela esan dit, bere eskuekin, eskerrak emateko... nire arreba txikia duintasunez tratatzeagatik." Hunkituta egon arren, gogoeta batekin amaitzen zuen Landerrek, denok egin behar genukeen hausnarketarekin. Pertsona bat duintasunez tratatzeak ez luke inon oparirik merezi beharko, baina hainbat ezindu, behartsu eta etxegabek jada ez dute gogoratzen duintasunez tratatuak izan ziren azken aldia.