heriotzari buruz aspaldian sarrixko idazten ari naizela esan dit adiskide batek. Arrazoi du, eta gaur ere neure buruari eutsi behar izan diot, zenbait gertakarik eta pentsamenduk horretara baininderamaten. Gaur gai arinago bati buruz idatziko dut, beraz. Esate baterako...herenegungo kazkabarraz.
Autoz nentorren Donostiatik, autopistaz. Bat batean, euria txingor bihurtu zen, hotsa zarata, giro kaxkarra arrisku bizi. 60 urtetik gorako gizon batek esan didanez, halakorik ez du gogoratzen. Erauntsi beldurgarria izan zen. Azeleragailutik oina altxatu nuen, abiadura berez mantsotu zedin. Ez zen aski. Maldan behera nindoan, batetik. Aurreko kotxeak galgari eragiten hasi ziren, bestetik. Kolpetik, zoriaren eskuetan geratu ginen dozenaka gidari. Norberak irrist ez egitea ez zen nahikoa, aurrekoak jotzea saihestu beharra zegoen, atzetik zetozenei erreakzionatzeko betarik emango genien jakin gabe. Maindire zuri labain batek mugatu zuen gure kontrola. Mantso-mantso egin genuen aitzinera. Metro batzuk aurrerago, errepidearen eskuin aldean, gizon bat ikusi nuen, lurretik motorra altxa-tzen. Balaztei eragin behar izan zien, aurreko kotxea joko ez bazuen, atzeko gurpilak irrist egin zion eta lurrera erori zen. Autoa baztertu eta beregana joan nintzen. Ezaguna fortunatu. "Aupa, Xabier! Alberto nauk. Eskapada latza, baina ondo nagok". Egia zioen. Berak ez zuen ezer, eta motorrak arrastada arinen bat besterik ez. Aurreraxeago, bi kotxek jo zuten elkar. Talka bortitza, baina denak onik.
Zarautzen izugarria izan zen. Malekoiak eta hondartzak ipar-poloa ziruditen. Auskalo zer nolako kaltea eragin duen kazkabar erauntsiak baratze eta mahastietan... Gure auzoan jardineko toldoa zabalik zuen emazteki batek. A zer burutazioa! Zamak haustear zuela, kanpora irten zen, bildu nahirik. Oin bat lurrean jarri orduko, egundoko zartada hartu zuen. Bi egunen buruan, oraindik ere seinale du: okotzean, belaunetan, sorbaldan. Albertori, emazteki kolpatuari, uzta galdua duketen laborariei...ez zaie hain arina iruditu izango gaurko nire gaia. Barka...