Berebizikoa
eguberri eta urte berri egunak igandez fortunatu zaizkigunez, ez dut izan, irakurle, zuri diosalarik egiteko aukerarik. Azkena izango banaiz ere, urte berri on opa dizut, bihotzez. Sagardotegiak berehala irekiko dituzte, eta ni gaur hasi naiz "ziritik". Egarri nintzen?
Ez dakit urte ona izango den, berria dela argi dago. Berria, desber dina, bestelakoa, ETAren mehatxu ankerraren pean hasi ez dugun lehenbizikoa baita. Gure seme-alabentzat bakarrik ez, geuretzat ere nahi dugu bortxarik gabeko Euskal Herria. Hurbilago gaude, baina urratsak behar dira. Atzo Bilbon izan zen manifestaldiak urratsak eska-tzea zuen helburu, baina bera bihurtu zen pauso aipagarri. Hainbat kolore eta pentsakeratako herritarrak bildu zituen, prozesuak aurrera egin dezan ezinbesteko diren hinkak galdetzeko. Inongo negoziaketatan sartu gabe bete beharrekoak dira, berez, gobernuei eskatzen zaizkien keinuak. Zain gaude.
Bilboko oldeak oihartzun nabaria izan du. Artikulu hau idazten ari naizen unean, gertakari hau da Madrilgo hainbat egunkari ahaltsutako albiste nagusi: El Pais, El Mundo, ABC? Atzoko jende samaldak balio behar luke atzerabiderik onar ez dezakeen prozesua bideratzeko. Dohain eta lorpen guztiok ezin ditu gaizki hautatutako hitz itsusi batek lorrindu, baina aipatu gabe ere ezin utz nezake. Mundu bat bildu zen Bilbon, zinez handia izan zen atzokoa. Itzela, berebizikoa, ikaragarria, sekulakoa, egundokoa. Nahi baduzue, mundiala ere bai. Edo kristorena. Antolatzaileek, maluruski, #kolosala hautatu dute. Espainiarrek aise ulertzeko moduko berba: colosal. Baita ingeles eta frantses hiztunek ere: colossal. Pena da euskaldun natural batek sekula esango ez lukeen hitz bat erabili behar izatea. Lazkao Txikik esan zuen moduan, "zenbaiten euskera entenitzeko erderaz ondo jakin beharra zeok?"