tele5 espainiar kateko La Noria zorabiagarriaz idatzi zuen atzo Xabi Larrañagak. Askotan bezala, aurrea hartu zidan. Eta, beti bezala, nik ahal izango nukeena baino egokiago adierazi zituen gauzak.
Nik ere ez dut sinesten La Noria babesten zutenen sentsibilitatea bat-batean zorroztu denik, ezta El Cucore n amari egindako elkarrizketa beste batzuei egindakoa baino higuingarriagoa izan denik ere. Saio horretan iragarkiak txertatzeak mozkin ederrak eman izan dizkiete orain arte. Aurrerantzean erosleak uxatu eta luzaroan lohiarekin erlazionaturik gera-tzeko arriskua ikusi dute, ordea. Beldurragatik egin dute atzera.
Bakoitzak gauzei bere ikuspegitik begiratzen dienez, ezin dut saihestu telebista mota horrek eragiten didan amorrua eta tristezia. Telebista, medio gisa, hain ongi menperatzen duen jendea, hainbesteko aurrekontuekin, lokatzan zerria baino gusturago ikustea etsigarria da benetan.
Hiltzaile baten amari egindako elkarrizketaren interes informatiboan arrazoitu nahi izan zuten euren portaera. Errukia eman zidan Jordi Gonzalezek. Ez dut ezagutzen noiznahi eta beti nahi duena esaten duen aurkezlerik, pentsatzen duena inolako bahetatik pasatu gabe adierazten duenik. Jordik, zalantzarik gabe, presiopean eman behar izan zituen inork irensteko modukoak ez diren azalpenak. Katearen beraren presioa, produktorarena, saioaren jarraipena ziurtatu beharrarena… Aurkezle ona da, medioa ongi ezagutzen du, badaki denborak kontrolatu eta tonua zaintzen, kamerari garbi begiratu eta natural azaltzen. Eta diru asko irabazten du, urte oso gutxian bizimodua ziurtatzeko beste. Pentsatzen jarrita, makurragoa da eguneroko biziraupena besterik eskaintzen ez dionarena.