Orain dela urte batzuk Joan Mari Torrealdairi egindako elkarrizketa baten pasarte batek hau ekarri zuen hizpide: “Ez dago hizkuntz politikarik”. Hizkuntz politikaren ardatzak hizkuntza propioa, integrazioa eta identitate tresna ere direla. Egia da.Eskola publiko gehienetan zein ikastoletan ere gauza bera gertatuko da era batera edo bestera, alderrai, hizkuntz politikarik gabe.Hau da, integraziotik euskal munduan ikasleek euren burua ikusten dute murgilduta? Ze erreferentzia mota izaten dute hemengo kulturari dagokionez? Berezko hizkuntzatzat daukate euskara ala ikasgunekin lotzen duten hizkuntza da, eta kitto? Euskara etxetik jasotakoek lehenetsi egiten dute ala burumakur gainerako ikasleen aurrean egoeraz jabetu eta espainierara moldatuta berez baztertua ez izateko beldurrez? Identitate bat landu dute ala ez, den-dena azalekoa eta folklorikoa izaten zaiela?Hona beste adibide bat gurean bizi izandakoa. Lehenengo semeak HHa zein LH osoa Indautxuko Eskolan egin du. Bederatzi urte bete arte beti euskaraz egiten zuen. Lar zintzoa eta isila izan da, berez, lehenengo ikasturte bi eta erdi eman zituen berba egin barik eskolan hasi zenetik, urte bi betetzekotan. Etxean geurekin hilabete bat eman zuen berba erdirik ere esan gabe. Dena lotu genuen gure etxe lekualdatzearekin eta arrebaren jaiotzarekin. Denborak aurrera egiten zuen eta umeak ez zuen berba egiten eskolan. Bigarren ikasturte amaierarako deitu ziguten batzar baterako, ez zekiten zelan ebaluatu. Aholkularia, medikua, udalaren bitartez, eta tutorea han zeuden. Medikuak esan zien beste biei zergatik ez zuten ordura arte ezer egin egoeraz jakitun. Eskolako udal medikuak bideratu zuen Osakidetzara txostena han egiteko, berehala umeentzako psikologo batenera joan zedin. Diagnostikoa: “mututasun selektiboa”.Zortzi urterekin edo, eskolako jolastokian zegoela, gelakide batzuekin futbolean jokatzen saiatu zen. Batek zakar erantzun zion jokatu ahalko zuela beti euskaraz berba egiteari uzten bazion. Bederatzi urtetik hamaika urtera, Lhko 5. eta 6. mailetara espainieraz egiten zuen, euskara horrezkero ez zen lehentasunezkoa.Eskola publikoak ume euskaldunak beste umeen aurrean eredu ipintzen ei ditu “zorioneko aniztasunaren ikur”, ume erdaldunen gehiengoarekin nahastuta. Aberastasuna orduko eta gaurko guraso elkartearen esanetan. Bai, zera! “Etxe bitako txakurra goseak hil!”.Aitzitik, ume euskaldunak berehala bereganatzen du zein den balio duen hizkuntza. Berdin da herri erdi euskaldun batean bizi den ala hiriburu erdaldun batean. Dendetako izenak, iragarkiak, streaming plataformak, bideo-jokoak, filmak, asper-tzeko beste telebista kate espainiar, Internet, egunkariak eta abar. Boteredun hizkuntza argi geratzen zaio. Euskarak ez du balio.Kontrako noranzkoan euskararen denboraren erlojua aurrera doa. Bada garaia, gauzak agerian eta bere gordinean ipintzeko, beltza zuriaren gainean. Euskararekiko diskriminazio positiboa. Hizkuntz komunitate euskaldunak sortzeko herrietan nahiz hirietan, batu gaitezen! Aurrera, ba, arnas dezagun ekimena!