Azken aldi honetan Zuhaizti udal kiroldegi honetako erabiltzaileok jasan dugun egoera onartezina eta guztiz arauz kanpokoa salatu nahi genuke. Kiroldegiaren kudeaketa Fortuna kirol-elkartearen esku egon den azken aldian, esleipena berrituko ez zietela bazekitenez, instalakuntzak oso utzita izan dituzte, hala nola aldagelak, dutxak, aretoetako lurra, aire egokitua, musika eta mikrofonoak eta abar. Are gehiago, martxotik aurrera zerbitzurik eskaini ez izanagatik zor ziguten diru-kopurua oraindik ez dugu jaso nahiz eta Pio Barojako erabiltzaileei irailean ordaindu zitzaien. Hori gutxi balitz, BPXsport taldeak kudeaketa bere gain hartu duenetik gauzek okerrera egin dute. Instalakuntzek bere horretan diraute, eskainitako zerbitzuen oso portzentaia murritza daramate aurrera eta egoera penagarria izan da: dutxarik gabe, aldagelak erabiltzeko aukerarik ez, ordutegi murriztua eta ia ikastarorik ez. Hala ere, prezioek nabarmen egin dute gora. Ondorioz, kiroldegian azken hilabeteetan ibili garen erabiltzaileen kopurua oso oso eskasa izan da. Abuztuan mezu bidez jakinarazi ziguten hamabost eguneko epea genuela Zuhaizti txartela berritzeko abonatuak ginenoi. Hainbat ikastaro egingo zirela eta forfaita (Zuhaiztik azken urteetan izan duen bereizgarrietako bat) izango zutelako ustean, txartela berritu genuen hainbat erabiltzailek urte luzeetan izandako ohiturari jarraiki nahiz eta prezioa aurreko urteetan baino askoz ere altuagoa izan baina antolakuntzak ez zituen bere baldintzak bete. Urte berriarekin batera, BPXsportek 2035 urterainoko esleipena irabazi duela jakin genuen eta baldintzak aldatuko direla. Prezioak ekitaldiaren erdian horrenbeste igotzea bat-batean ez da inola ere onargarria, batez ere, gaur egungo egoera berezietan. Behin eta berriro eskatu dugu BPXsportekin eta Donostia Kirolarekin hitz egiteko aukera eta mezu ugari ida-tzi dizkiegu baina ezer gutxi erantzun digute. BPXsportetik prozesu honetan guztian jaso dugun ahozko eta idatzizko informazio bakarrean prezioei buruz ziotena berriro ere kontraesanean erortzen da oraingoarekin, orduan esandakoa baino oraindik prezio garestiagoak iragarri berri baitituzte! Gimnasio pribatuetako prezioak Udal instalakuntza batean onartuko dira? Harrigarria benetan!.Baina, hori ez da guztia, apirilaren 22an, zenbait erabiltzailek (ez guztiok) mezu bat jaso zuten kiroldegia maiatzaren 1ean, astebetera!! itxiko dutela esanez. Uztaila-abuztuan egingo zituztela esan ziguten berritze-lanak egun batetik bestera bi hilabetez aurreratu omen dira. Gutako askok 9 hilabetetako kirol ekin-tza batean eman genuen izena eta horrelako epe laburrean eten egingo dela esaten digute orain??? Eta hurrengoa zer izango da? Errespetu falta ikaragarriaz ari dira gurekin, eta, zer esanik ez bertako langileekin. Lotsagarria, berriro ere, Donostiako Udalak bere esparruko kirol instalakuntza batean horrelako portaera onartezinak ahalbidetzea.Udal instalakuntza batean bat-batean gimnasio pribatu baten kudeaketa ezar-tzea ez da bidezkoa. Hortaz, udalak kudeaketa honetan duen ardura kontuan izanik, gauzak bidera daitezela eskatu nahi genuke, batez ere, egoera latz honetan kiroldegiaren aldeko apustua egin dugunoi gutxieneko begirunea adieraziz.