Síguenos en redes sociales:

Boteprontoan

Zoom

Zer dago hor, orein-talde bat errepide bat gurutzatzen edo zehatzagoa da esatea errepide bat dagoela baso bat gurutzatzen?

ZoomEP

Egunkarian irakurri dudanez, orka talde batek belaontzi batzuei eraso egin die Bizkaiko kostaldetik gertu. Eta gertakizun honek ikuspuntuaren garrantziaz pentsarazi dit. Gertakari bat baloratzen dugunean begirada zabala izatearen garrantzia handia da, eta literaturak, eta arteak oro har, ikuspegi zabal hori lortzeko izaten duen eraginaz pentsatu dut.

Aspaldi entzun nion norbaiti adibide hau, ez dut gogoratzen nori. Orein talde bat ikusten dugu errepide bat gurutzatzen eta gure buruak pentsatzen du: “Orein talde bat dago errepidea gurutzatzen”. Literatura-lan on batek birritan pentsarazten digu gertaera hori, urrunagotik ikusteko aukera ematen digu, eta hor benetan gertatzen ari denaz galdetzen digu: Zer dago hor, orein-talde bat errepide bat gurutzatzen edo zehatzagoa da esatea errepide bat dagoela baso bat gurutzatzen? Jakina, oreinen ikuspegitik horixe da gertatzen ari dena. Errepide batek bere habitata erdibitu du. Uste dut orkek ere horrelako zerbait pentsatuko zutela.

Buruak egiten duen zoom hau, askotan, liburu on batek, film on batek edo antzezlan on batek ematen digu. Izan ere, gure egunerokotasunean aurkitzen ditugun leku komunei buruz birpentsarazten digute, gure gogoeta azkarrei buruz, presaka egiten ditugun juizioei buruz.

Ikuspuntua funtsezkoa da bai literaturan, bai bizitzan, eta edozein gairi buruz dugun ikuspegia eta iritzia eralda ditzake, baina badira ekintza batzuk beti izango direnak justifika ezinak, berdin nondik begiratu. Egunkarian beste irudi bat ikusten dut: haur palestinar bat gosez hiltzeko zorian. Eta pentsatu dut: zer ikusiko dute argazki honetan horrelako zerbait justifikatzen dutenek? Batzuetan errealitatea hain da gordina, ezin dugu ulertu norbaitek halako argazki batean erailtzen ari diren ume bat ikusteaz gain beste gauza asko ikusten baditu ere, gai ez izatea onartzeko eta ikusteko hori onartu ezina, justifikatu ezina, digeritu ezina dela. Norbaitek aurrekariak ikusiko ditu argazki horretan, baina halako argazki batek, bere urgentzia eta larritasunagatik, begirada bakar bat onartzen du: giza eskubideena.