Twitterreko txoritxo urdina X ilun bat bihurtu zenetik, behin baino gehiagotan pentsatu dut sare sozial hori uztea. Nazkatuta nauka Elon Muskek. Etengabe agertzen da nire horman haur baten moduan bere jostailu berriak erakutsiz, bere autoak, ontzi espazialak… eta bere matxismoa eta klasismoa. Eta bere taldekoak diren beste hainbat misoginorekin ere nazkatuta nago, egunero erakusten baitidate zein den emakumeen lekua munduan. Haien arabera, emakume-eredu bakar bati jarraitu behar omen diogu denok: domestikatutako emakumeak, besteen zerbitzura daudenak, gizonen desioa asebetetzeko entrenatuak... Hortik kanpo gauden emakumeak mehatxu bat gara, arerioa. Eta egunero sufritzen dudan inbasioa da. Batzuek pentsatuko dute esajerazioa dela esaten ari naizena, baina azkenaldian X irekitzen dut eta bideo matxista uholde batek erasotzen dit. Bideo horietan emakumeak iraintzen dira, haien aurkako indarkeria erabiltzen da, edo barregarri agertzen dira. Uste dut Musken algoritmoak ondo dakiela nori erakutsi behar dizkion halako bideoak eta bereziki sartzen dela profil feministak jarraitzen dituzten emakumeen kontuetan. Sare sozialetan aktiboak diren emakume batzuekin hitz egiten dut eta, berdin, haien sareak ere kolonizatzen ari dira emakumeen gorputz biluziekin, neskatila sexualizatuen irudiekin, emakumeen kontrako indarkeria esplizituaren eta abar. Mezu diziplinatzaileak dira, berdintasunaz eta feminismoaz hitz egiteari utz diezaiogun. Azken hilabeteetan X uzteko zorian egon naiz, pentsatu dut ez dudala eskuin muturreko jabea duen plataforma baten parte izan nahi. Baina gero konturatzen naiz eraso horien helburua dela emakumeak sare horretatik kanporatzea, emakumeak isilaraztea. Beraz, oraingoz geratu egingo naiz, baina ez dakit noiz arte izango naizen kapaz jasateko egunero irentsi behar dudan eduki misogino hori. Uholdea sekulakoa da.