Azken bi aste hauetan goizero gosaldu dut Korrikaren zuzeneko irudiei begira. Eguna energiaz eta pozez hasteko modu ederra. Herri eta errepide ezberdinetatik korrika ikusi ditudan gazte, zahar, umeak… goiz-goizetik jaikitzen imajinatu ditut, txandala janzten, zerbait ezohikoa eta berezia egitera zoazenean sortzen zaizun urduritasun berezi horrekin. Hizkuntza baten alde korrika egin, zorakeria hori. Egunotan behin baino gehiagotan galdetu diot nire buruari hizkuntza gutxitu batean bizitzea zer den ez dakien batek ulertu ahalko duen gure emozioa indar kolektibo horren adierazpenaren aurrean.

Ez dago Korrika baino gauza zoro eta aldi berean seriorik gure herrian. Erakustaldi zoro bat da, batu egiten gaituena; baina aldi berean, serioa, Korrikak behin eta berriz gogoratzen digulako gure hizkuntzaren egoera zaurgarria. Energia metaketa izugarria lortzen du Korrikak bi urtean behin, baina nola mantendu energia hori guztia egunero-egunero? Nola bihurtu komunikaziorako tresna gure aisian, lanean…? Nola kutsatu euskararen alde esfortzu bat egitearen beharra belaunaldi gazteei? Nola…? Galdera asko.

Azken urteetan euskara erakargarri egitearen diskurtsoa nagusitu da, eta garrantzitsua da, bai, baina ezin dugu ahaztu belaunaldiz belaunaldi euskararen iraupena bermatu duen beste lehengai bat: hizkuntzaren alde zerbait egitearen beharra sentitzea, bakoitzak bere eremuan. Deitu militantzia, edo konpromisoa, edo eguneroko lana hizkuntzaren alde… Deitu nahi duzun bezala, baina osagai hori gabe, zaila da euskarak aurrera egitea. Gure gazteek ezin dute pentsatu euskara beste edozein hizkuntza bezalakoa dela eta bere iraupena bermatua duela.

Bi H ditu Korrikaren leloak aurten. Harro eta Herri. Biak ahoskatzen ez den letra batekin hasten dira. Hitza letra bezala. Baina harro eta herri gauzatzeko modua hitza da, hitz egitea, bestela korrika guztiak geratuko dira h hitza bezain mutu eta ikusezin.