Emakume askorekin ibiltzen da gizon hau. Beti dago bikotez aldatzen. Gehienetan ez dira bikote izatera ere heltzen, momentuko harremanak izaten dira askotan. Bere ezagun bati galdetu diot ea nahita egindako zerbait ote den, hau da, ez duen inorekin konprometitu nahi, eta pozik dagoen horrela, nobiaz aldatzen etengabe, edo, aldiz, benetako arrazoia ote den behin hobeto ezagutzen dutenean emakumeek ihes egiten diotela.

Orduan kontatu dit bi orduen teoria. Bi ordu, -esan dit.- Bi orduko diskurtsoa dauka, eta hau agortzen zaionean, agur. Hau da, gizon honek gizon interesgarriaren irudia ematen duela, eta honen eraginez, arrakasta duela, emakumeekin batez ere. Baina, antza, bi ordutako diskurtso interesgarria dauka, gehiagorik ez. Eta hau bukatzean, askotan emakumea konturatzen da han barruan ez dagoela ezer, edo ez espero zuena behintzat, eta badoa, eta beste batzuetan, berak modu prebentiboan egiten du ihes. Hau da, bere barne-hutsa erakusteko beldurrez, harremana hausten du, bere buruaren irudi interesgarriarekin geratu daitezen. Eta nire lagunak susmoa du gehienetan bera dela aldentzen dena, ihes egiten duena.

Bi orduen teoria honek zer pentsatua eman dit. Bat batean, pentsatzen jarri naiz badaudela pertsona batzuk sekulako karkasa dutenak, karrozeria ona. Kanpotik begiratuta, dir-dir egiten dute. Baina kasu batzuetan kanporako distira hori ez dator bat barruarekin, eta horregatik ari dira etengabe publiko berria bilatzen. Norbait harrituta, maiteminduta, liluratuta uztea da euren helburua. Zaila da, baina, norbait denbora luzean liluratuta edukitzea zure harremanaren lehen bi orduetan zeure buruari bakarrik entzuten diozunean, aurrekoak esaten duenari atenditu gabe, zure diskurtsoa perfekzionatzen zoazela pentsatzen zaudenean. Izan ere, ez dago gauza interesgarririk luzaroan esaterik aurrekoak esaten duena interesatzen ez bazaizu, besteek esandakoarekin aberasten ez bazara. Hala bada, zure diskurtsoa beti geratuko da mugatua, bi ordu eskasekoa izango da beti.