"Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa, haretxek ematen dit, maitia, bihotzean poza". Zenbatetan abestu dugun Ameriketara joan nintzen kanta eta zenbaitetan goraipatu dugun diruak ematen duen poza. Baina pentsatu al dugu inoiz zenbat diruk ematen du poza? Agian diru gehiegi edukitzea ere arazo izan daiteke? Hala pentsatzen du Marlene Engelhorn 29 urteko emakume austriarrak. Lau mila miloi euro baino gehiagoko herentzia bati uko egin dio, dioenez, hainbeste diruk ez duelako zoriontsu egiten. Familia aberats batean jaioa da Engelhorn, industria farmazeutiko bateko ondasunak jaso ditu. Berak Germaniar Hizkuntza era Literatura ikasten du eta halako ondarea kudeatzeak "denbora asko eskatzen du, esfortzua, tentsioak... eta ez da hori nire bizi-proiektua", azaldu duenez. Horregatik sortu du Taxmenow ekimena. Estatuek halako aberastasun handiak euren gain hartu eta kudeatzeko ardura izatea sustatzen du fundazio horrek. Hala, berak bere herentziaren %90 bere herrialdeari ematea erabaki du. Hala eta guztiz ere, aberats izaten jarraituko du. Aitortzen duenez, "ez da aberatsa izan nahi ez dudalako, hain aberatsa izan nahi ez dudalako baizik". Suposatzen dut dirua izateak baino, diru hori zelan eta zertan gastatzen dugun, horren arabera sentitu dezakegula zoriontasuna edo poztasuna. Dirua izate hutsak, noski, lasaitasuna ematen du, baina hura nola eta zertan inbertitzen dugun, horrek bidera gaitzake geure buruarekin ondo sentitzera edo ezinezko asebetetzera, betirako insatisfakziora. Horrela, kontsumismo hutsean gertatuz gero, uneko poza sentituko dugu, baina susmoa dut beti geratzen garela bete beharreko hutsuneren batekin. Dirutza hori, aldiz, proiektu kolektibo batera bideratuz gero, gure gizarteko zerbait aldatu edo aberasteko erabiliz gero, uste dut aberatsago sentitu gaitezkeela. Orduan bai kantatu ahalko genukeela arrazoi betez, txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa
- Multimedia
- Servicios
- Participación