Unairi aitak esan dio lasai egoteko, irakasgai "inportanteetan" huts egiten ez duen arte, lasai egoteko. Matematikak, fisika eta horrelakoetan nota onak ateraz gero, ez dagoela arazorik. Ez larritzeko hizkuntza, literatura edo filosofia eta halakoetan kili-kolo badabil, horiek ez dutela garrantzi handirik.

Unairen aitak badaki mundu honek gero eta gehiago estimatzen dituela datuak, emaitza objektiboak, taulak, zenbakiak... Estrategia guztiak hauei begira egiten direla. Eta gero eta leku gutxiago dutela mundu honetan hausnarketak, pentsamendu filosofikoak, arteak... Eta datuak, zenbakiak, formulak gure munduarentzat ikaragarri garrantzitsuak badira ere, eta horretan arrazoi duela onartuta, Unairen aita, baina, ez da konturatu bizitza honetan badaudela gauza asko ezin direla datuekin neurtu, ezin direla taula batekin azaldu. Izan ere, humanitateek laguntzen digute esku artean ditugun datu hauek zertarako baliatu, norantz zuzendu, zer eraikitzeko erabiltzen erabakitzen, besteak beste. Zer mundu mota egin nahi dugun erabakitzen laguntzen digute.

Humanitateen prestigioa goraipatu beharra dago, norbanakoen nortasun eta hezkuntza pertsonalarekin duelako zerikusia, eta pertsona hobeak izaten lagundu ahal digutelako, gizarte hobeak. Zientzia eta humanitateak elkartu, osagarri egin. Ez dago tresna indartsuagorik gizarte orekatu bat eraikitzeko, gizakiak historian zehar orain arte sortu duen jakintza guztia kontuan hartuz erabaki estrategikoak hartzeko.

Gure gizartea hanka motz geratuko da zientziei bakarrik ematen badiegu garrantzia eta kontuan hartzen ez badu gure arima, gure izpiritua, gure balioak... datuek jasotzen ez duten gure beste mundu hori.

Gizarte osoaren mezederako izango da Unai ohartzea literatura, artea, historiaren garrantziaz. Datuak oso inportanteak badira ere, gizakiak datuak baino askoz gehiago garelako.