Zaila da erabakiak hartzea. Bizitzako erronkarik handienetakoa. Horregatik, askotan, nahiago izaten dugu errotonda baten inguruan bueltaka ibiltzea, mareatzeko arriskuaz, irtenbideetako bat aukeratzea baino. Zein izango da hoberena?, galdetzen diogu geure buruari. Baina, hala ere, egunero ari gara erabakiak hartzen, askotan konturatu barik, eta askotan erabakiak ez hartzearekin ere. Izan ere, erabaki bat ez hartzea edo hiltzen uztea, bada ere erabaki bat, bere ondorioak dituena.

Erabakiak hartzea zaila da, baina erabakiak hartzeak bizirik gaudela sentiarazten digu. Erabakitzea eskubide bat da, gauzak aldatzeko gai garela erakusten diguna, boterea gure eskuetan jartzen duena, baina zaila da, erabaki baten aurretik beti agertzen delako beldurra: erabaki okerra hartzekoa, daukaguna galtzekoa... Eta bereziki aukeratzen ez ditugun bideek eskaintzen digutena ezin ezagutzeak ematen digu min. Baina ezin ahaztu aukeratzeaz gain, hainbat aukerei uko egitea suposatzen duela erabakitzeak. Ez dago erabakirik galerarik gabe.

Batzuek asko itxaroten dute, asko, erabaki bat hartu baino lehen. Dena oso argi ikusi behar dute erabaki bat hartu aurretik. Eta beharrezkoa da ondo pentsatzea eta arinegi erabakitzea arriskutsua izan daiteke, bai, baina erabakia hartu aurretik ezin da inoiz dena argi ikusi, erabaki bakoitzak gerizpean gordetzen duelako hainbat informazio, erabaki arte ikusezina dena.

Erabakitzea zaila da, baina badaude erabaki batzuk beste batzuk baino zailagoak. Inoiz, telebistan errefuxiatuen irudiak agertzen direnean, komentario hau entzun dut: nola erabaki dezakeen ama edo aita batek bere umeen bizitza arriskuan jartzea halako txalupetan sartuz, adibidez. Jarri daitezela haien azalean, hartu beharreko erabaki latz horren aurrean: zeure herrian hil, ala bizirauteko ahaleginean hiltzeko arriskua hartu. Bata edo bestea. Erabaki. Eta bitartean, hor dago Europa, erabakiak hartu gabe erabakitzen, errotonda odoleztatu baten inguruan bueltaka, etengabe.