Parkeak ureztatzen dituzten aspersore edo ihinztagailuen antza dute zenbait pertsonek. Makinak hara eta hona zabaltzen du ura, gehiegi bereizi gabe. Batzuetan lurra eta belarraz gain, bankuak bustitzen ditu, zabuak edo parkeko bidetxoetatik iragaten den jendea ere bai. Halakoak dira batzuk. Emaiezu ardura bat, adibidez, eta bere gain hartu beharrean arduratxoak banatzen hasiko dira honen eta bestearen artean, denak busti arte. Esaiezu zerbaiten errua dutela eta laster jarriko dute martxan aspersorea. Beste guztiek izango dute errua, ez beraiek. Pilota besteen teilatuen jartzen jaioak dira. Benetako profesionalak.
Batzuk ardura eta erru sakabanatzaileak dira, eta, badaude beste batzuk, ordea, belakien antzera dena xurgatzen dutena, dena egiten dutena beraiena. Ura hartzen duen lurra dira, baina, tamalez, beti ez da ura jasotzen dutena. Arazo bat duzula kontatuz gero, ia berea balitz bezala sentituko dute, eta prest agertuko dira laguntzeko. Min bat duzula esan eta minaz galdetuko dizute, interesa agertuko dute, eta lagun-tzeko zerbait egiteko prest agertuko dira. Aspersoreen antza duten pertsonei, aldiz, mina duzula esan eta eurek ere beste nonbaiten min handia dutela erantzungo dizute.
Suposatzen dut denok ditugula alde biak. Batzuetan ihinztagailu gara, errua eta ardura besteen gainean jarriz, eta beste batzuetan lurra gara, belarra, datorrena gure gain hartuz. Hala ere, oreka ez da beti erraza. Ez legoke gaizki bakoitzak hausnartzea zenbat duen bakoitzetik.
Burutazio hau kongresuko irudiei begira piztu zait. Ez dakit zergatik baina alderdi politikoen arteko eztabaidak ikusten ditudanean, beti iruditzen zait aspersore gehiegi daudela martxan, eta lur gutxiegi ezer ereiteko.