Donostian hil den emakume etxegabeak ba al zekien Europako Kultur hiriburuan zegoela? Donostian hil den emakumeak ba al zekien ezer danborradan Europako ereserkiari egin zizkioten txistuez? Kutxazain automatiko batera lo egitera sartu zen emakumeak ba al zuen Espainiako Gobernua osatzeko dauden arazo eta hitzarmen posibleen berri? Eta talde parlamentarioak osatzeko negoziazioena? Eta Kataluniako egungo egoerarena? Ba al zekien nor den Kongresuko presidente berria?

Donostian hil ze emakumeak ba al zekien oraindik ez direla beherapenak bukatu? Edo San Sebastian egunerako aurten angula kiloa zenbatera egon den? Jarraitzen al zituen Lehen Mailako futbol txapelketako emaitzak? Ohartu al da azken aldian dena dela Star Wars?

Ezagutzen al zuen Blue monday hitzaren esanahia? Eta Black friday-rena? Ba al zuen Estatu islamikoak eragindako sarraskien berri? Entzun al zuen ezer Parisko atentatuez? Chapo Guzmanen ihesaldi eta ondorengo harrapaketaz? Errefuxiatuen krisiaz?

Donostian hil den etxegabeak ikusi al zuten itsasertzean hartutako Aylan umearen gorpuaren argazkia? Enteratu al ziren David Bowiren heriotzaz? Ba al zekiten nor zen David Bowie? Ba al zuten Oscar sarietan hautagai beltzik ez egoteak sortu duen iskanbilaren berri?

Donostian hil zen etxegabea zein mundutan bizi zen? Gure munduan bizi zen? Egia esateko, ez dut uste aterpea eta berogailua izateko pribilegioa dugunon munduan bizi zenik, baina hori baino argiago daukat, askoz argiago, gu ez garela bere munduan bizi. Gu bere mundutik oso urrun bizi gara. Guk ez dugu bere munduaren berri izateko interes handirik.

Donostian hil den emakume etxegabeak munduaren bestaldean bizi diren asko baino urrunago bizi izan da gugandik. Mundu ezberdinetan bizi izan gara, mundu berean.