Debatea telebistan. Hiru gizon eta emakume bat. Emakumea gizon baten ordezkoa da, berez laugarren gizon bat egon beharko luke bertan. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna benetan pisu eta garrantzi handiko gaia balitz, kazetarien lehenengo galdera hau izango litzateke: zer egingo duzu presidente moduan datozen hauteskundeetan emakume hautagaiak egoteko? Baina, dirudienez, pertsona gehienei ez zaie desorekatua irizten lau hautagaien artean laurak gizon izatea. Normaltasuna. Ohikoa. Betikoa da.

Debatea telebistan. Hautagaiak tente daude, aurrean inolako babesik gabe, gorputz osoa dute bistan. Eta hitz egiten duten bitartean ikusleak baten gorbatari begira daude, bestearen zapatei, hirugarrenak eskuak erabiltzeko duen moduari, makillajeari, ile-mototsari, alkandorari.... Zeri begira dago jendea? Zer baloratzen du jendeak? Batek duen hitz jarioa, besteak duen irribarrea, hirugarrenaren lasaitasuna... Lau hautagai baino lau produktu daude telebistako bestaldean salgai. Nik honi emango diot botoa bere ahotsa gustatzen zaidalako. Ba nik beste honi, bakeroak oso ondo geratzen zaizkiolako. Zer ari dira saltzen? Programa bat, gauzak egiteko modu bat, ala pertsonaia bat, aktore bat, marka bat?

Debatea telebistan. Bukatu ondoren, jendeak galdetu du: Nork irabazi du? Jendeak ez du hauteskunde eztabaida bat ikusi, futbol partida bat baizik: Real Madrid-Barcelona. Edo Formula 1-eko lasterketa: Hamilton, Rosberg, Vettel... (Bide batez, hor ere gizonak garaile, eta emakumeak musu emaile).

Hauteskunde kanpaina honetan dena da azala. Ez da mamirik hauteskundeak bukatu arte. Eta orduan garrantzi gutxi izango du baten gorbatak, bestearen alkandorak, eskuak mugitzeko moduak edo irribarreak. Orduan politikaren eragina sentituko dugu gure egunerokoan. Eta orduan bai, geure buruari galdetu beharko diogu, nor irten den benetan garaile.