Unai Elorriagaren Iazko hezurrak irakurri berritan, inoiz baino argiago geratu zait idazleak berak liburuari buruzko elkarrizketetan hainbat alditan aipatutakoa, hau da, gure bizitzan, gure munduan, indarkeria ez dela salbuespena, indarkeria gure bizitzetan egunero dagoen zerbait dela. Eta indarkeriak gure munduko normaltasuna ordenatzen duela berretsi nuen astelehenean, Hispanitatearen Egunaren desfilearen irudi batzuk ikusi ondoren. Indarkeriak, eta bide batez esanda, gaizki ulertutako gizontasunak.

Mapamundia indarkeriak ordenatu du Historian zehar. Botere guneak indarkeriak agindu ditu. Gure munduko andozentrismoa indarkeriak markatuta dator. Ez, indarkeria ez da salbuespena. Guk uste baino errotuago dago gure gizartean. Indarkeriaren eskuek moldatu dute, buztina moldatzen den modura, gure mundua mendetan zehar.

Egun hauetan etxebizitzak lapurrengandik zain-tzeko alarma baten iragarkia ikusi dut telebistan. Hainbat etxe ikusten dira alarma dutela jakinarazten duen kartelarekin, eta bat batean, ager-tzen da bat kartelik gabe. Eta etxearen ate guztiak irekita daude, edonor sartzeko moduan. Iragarkiaren leloa: edonor sartu daiteke zure etxean alarma ez badaukazu. Alarma beharrezkoa ikusten da gaur, eta bihar, agian, Estatu Batuetan bezala, arma bat izatea zure etxea defendatzeko.

Indarkeriaren erroetan beldurra dago. Eta beldurra eragiten duten gero eta mezu gehiago jaso-tzen ditugu egunero. Indarkeriaren erroetan bestea baino gehiago garenaren sinesmena dago, edo besteak baino arrazoi edo eskubide gehiago ditugula pentsatzea. Eta tamalez, arraza, sexua edo sinesmenetan oinarritutako berezikeria mezuak jasotzen ditugu egunero.

Biolentzia edonon dago. Ruandan eta Euskal Herrian. Eta bai, Elorriagak esaten duen moduan, ezin da indarkeria bat bestearekin gehiegi konparatu, ez, beti baita desberdina. Baina beti da gauza bera. Eta etengabe errepikatzen da, etengabe sentitzen dugu haren lurruna. Esaera zaharrak dioen moduan: "Iazko asto hilak, aurten lurruna".