Greziaren egoerari buruz hasi ginen berbetan, herri aberats eta herri txiroei buruz hitz egin genuen, batzuen eta besteen arteko diferentziaz aritu ginen, pertsona dirudun eta pobreen artean dagoen amildegi gero eta handiagoaz... Munduaz aritu ginen, batzuentzat zerua eta beste askorentzat infernu bilakatu den lurralde honetaz. Eta halako batean, lagunak infernua eta zeruaren arteko diferentziaz galdetu zigun. Ba al dakizue zein den diferentzia? Eta gure isiltasunaren aurrean koilara luzeen ipuina ba al genekien galdetu zigun. Ezetz guk. Eta ipuina kontatzen hasi zen.

Dirudienez, infernuan dagoen jendeak koilara luze-luzeak ditu eskuetara lotuta. Janaria hartzeko unean, denak mahaiaren inguruan eseri eta bakoitza janaria hartzen saiatzen da, baina hain dira luzeak dituzten koilarak, ezin dute janaririk ahora eraman, bidean dena jausten zaie, eta duten janari guztia alperrik galduta geratzen da. Horrela, hainbeste janariren aurrean dauden arren, goseak hiltzen geratzen dira. Infernuan, beraz.

Zeruan dagoen jendeak azaldu zigun lagunak, koilara luze-luzeak ditu eskuetara lotuta baita ere. Janaria hartzeko unean, denak mahairen inguruan eseri, eta koilara luzearekin bakoitzak bere ahora janaria hurbiltzea ezinezkoa dela ikusita, janaria koilaran hartu eta aurrean daukatenari ematen diote. Batak besteari, eta horrela pozik geratzen dira, mahaian zegoen janari guztia janda. Zeruan daude.

Mundu guztia omen dago krisian murgilduta. Krisia mundiala da, bere zentzurik txarrenean. Koilara luzeen garaia omen da. Baina arazo larriena ez da ze baliabide dauden, hauek nola erabili eta banatzen ditugun baizik. Koilara luzeen garaia izan arren, mundu hau zeru edo infernu bihurtu, gizartea nola antolatzen den araberakoa da. Egungo eredu bidegabeko honekin zail xamar izango dugu infernutik irtetea.