Bbadakizu nor hil den? galdetzen zioten noizbehinka nagusiek elkarri. Ez da egia izango? esaten zuen batek, baietz besteak. Ni umea nintzen eta hain urrun senti-tzen nuen elkarrizketa hura... Hildakoaren inguruan hitz egiten zuten, nolakoa zen gogoratzen zuten, pasadizoren bat Bada aste honetan neure burua egoera berdinean ikusi dut, ezagun baten heriotzak eragindako minaz hitz egiten lagunekin, eta txiki sentitu naiz heriotza hain gertu sentitzean, hain geurea.

Ezagutzen nituen bi pertsona hil dira aste honetan. Asko pentsatu dut haietaz egun hauetan, eta une batzuetan neuri eta nire inguruan ditudanei hitz egiten imajinatu ditut: "Zuek bai zortea, bizirik oraindik". Eta inguruan zutenen pertsonen mina imajinatzen saiatu naiz, ez gaur negar egiten dutenena, gaur denok egiten baitugu negar, bizitza osoan negar egingo dietenena baizik.

Aste honetan bertan berrogeita hamar urte betetzen dituen lagun batek argazkia bidali dit. Irribarretsu dago, lagunei helduta, urtebetetzea ospatzen, eta argazkiaren azpian idatzi du: "Urte bat gehiago, beste garaipen bat". Eta lagunaren irribarreak asko esan dit. Esan dit badela ordua alde batera uzteko bizitzari zentzurik ezin aurkitzeagatik noizbehinka sortzen zaigun larritasuna, edo txikikeriek eragindako liskar eta eztabaidak, edo egun euritsuetako alferkeria, edo dei bat egitea galarazten digun koldarkeria, edo pentsatzen duguna esaten uzten ez digun lotsa, edo unea unekoa gozatzeko ezintasuna, edo eman nahiko zenituzkeen musuak eman gabe geratzea...

Bat batean, nire lagun irribarretsuarekin batera, norbaitek urrunetik esan dit: "Goza esazu, zuk oraindik ahal duzu eta". Eta bai, horixe bera egiten saiatuko naiz, egun bakoitza garaipen bat bezala bizitzen saiatuko naiz, beste ezagun batzuk bizirik nengoeneko pasadizoren bat gogoratzen hasten diren arte.

(Besarkada handi bat eta indarra Mikel eta Iñakiren familiei).