Kapsula baten modukoa da. Gure gorputzaren barnean daramagun aire-kamara baten antzeko zerbait. Non kokatzen den ez dago argi, nik neuk birikiak eta urdailaren artean, hor nonbait, imajinatzen dut. Kapsula baten antzekoa da eta bertan kontzentratzen da gure funtsa, mamia, muina. Zenbait hamarkada bizi ondoren orduan konturatzen gara hor barruan daukagula, baina ez beti, badaude hor zeukatela jakin gabe hil diren asko ere, inoiz bilatu ere ez dutenak egin. Hortik irteten da gure ahotsa. Ez gure ahots fisikoa, denek entzun ahal dezaketena, bestea baizik, une oro berbetan ari zaiguna, segundo batean ere eteten ez dena, gure bizitzaren errelatoa egiten diguna. Zerbaitengatik damutzen garenean behin eta berriz torturatzen gaituen ahotsa da, triste gaudenean geure burua kontsolatzen saiatzen dena, erronka baten aurrean gaudenean behar dugun adorea eskaintzen diguna, edo kontrakoa, behin eta berriz errepikatzen diguna: ez duzu lortuko, ez duzu lortuko. Gure benetako ahotsa da, ez gure eztarrietatik kanpora tunetuta ateratzen dugun hori.

Kapsula horretatik ateratzen den ahotsean haurtzarotik izan ditugun esperientziak kon-tzentratzen dira, erakutsi digutena, ikusi duguna, bizi izan duguna, ikasi duguna... Eta gure inguruan dagoen guztia ahots horrekin neur-tzen dugu. Ahots horrek esaten digu, adibidez, zerbait egin behar dugula gure inguruko norbait egoera larri batean ikusten dugunean; ahots horrek torturatzen gaitu injustizien aurrean geure burua erreakzionatzeko gaitasunik gabe ikusten dugunean; ahots hori gure balore-eskalaren isla argia da, mundua ikusteko dugun moduarena. Segundo batzuk isilik eta barrurantz begira egonez gero, igarri egiten da. Kapsula baten modukoa da. Gure gorputzaren barnean daramagun aire-kamara baten antzeko zerbait. Non kokatzen den ez dago argi, nik neuk birikiak eta urdailaren artean, hor nonbait, imajinatzen dut.