Elkarrekin sartu gara ohera alaba eta biok, bata besteari begira, eta gauzak izendatzeko jolasarekin hasi gara. Asko gustatzen zaio nire aurpegiko atal bat seinalatzea eta nik haren izenarekin erantzutea. Hau?, galdetu dit nire sudurra seinalatuz, eta nik erantzun diot: sudurra. Eta hau? Eta nik, begia. Eta hau? Eta nik, belarria. Eta halako batean, galdetu dit: eta marka hauek? Bekokian ditudan zimurrak seinalatuz egin du galdera, eta barre edo negar egiteko gogoa dudan argi jakin gabe, mutu geratu naiz. Segundo batzuk pasatu direnean erantzun diot: zimurrak, maitea, zimurrak.
Bekokiko "markak" seinalatu dizkit alabak, naturaltasun osoz, eta nik bat batean nire adinaren pisua sentitu dut gainean. Eta pentsatu dut neure aurpegia irudikatzen dudanean, ikusten dudala sudurra, ikusten ditudala belarriak eta begiak, baina ez dudala zimurrik ikusten. Nire buruaz dudan irudia naizena baino askoz gazteagoa dela ohartu naiz.
Nire aurpegiaren irudi estatiko bat dut, zahartzen ez dena, nahiz eta egunero aldatzen doan. Niri aurpegiarekin gertatu zaidanaren an-tzekoa gertatzen zaie kasu askotan zenbait politikariri. Ez euren aurpegiekin, baina bai konbentzitu nahi dituzten herritarrekin. Haien irudi estatiko bat dute, beti jende eta gizarte berdinarengana zuzenduko balira bezala hitz egiten dute askok. Baina gizartea eta jendea aldatzen doa etengabe, eta atzo balio zuten zenbait hitz eta diskurtsok gaur ez dute baliorik, zaharkituak daude. Batzuk ez dira konturatzen gaurko herria ez dela atzokoa, eta biharkoa ere ez dela gaurkoa bezalakoa izango.
Politikarien eginbeharretako bat gizarteari etengabe begira egotea da eta jakinminez bilatzea zer ari den aldatzen, zer den berri. Eta hau?, galdetu beharko lukete maizago. Agian ezagutzen ez zuten ezaugarri berriren bat aurkituko liokete zuzendu nahi duten gizarteari. Orain arte ikusi ez duten zimurren bat.