Egun hotz eta eguzkitsuak. Asko gustatzen zaizkit. Azkenaldian asko izan ditugu. Egun horietan eguzkiak bidea edertzen du eta hotzak ideiak argitzen dizkizu, edo laguntzen du behintzat. Neure buruan ere horrelako eguraldia nahiko nuke, eguzkia eta hotza. Eta ez dut esan nahi buru hotza izan nahi dudanik, nire alde arrazionala emozionalaren gainetik izan nahiko nukeenik. Aldiz, eguzkiak argitutako buru bat nahiko nuke sentimenduak bereizi eta hauei izena eman ahal izateko, egun eguzkitsuetan urruneko mendiak ikusten diren bezala argi ikusi ahal izateko une oro zelan sentitzen naizen; nahiko argitasun nahiko nuke gehien gustatzen zaidana zer den jakin ahal izateko, edo zerk egiten nauen benetan zoriontsu.
Jende askoren buruetan nahiko nuke eguzkia eta hotza. Ez bakarrik euren barruan dagoena argiago ikus dezaten, baita egunero kanpotik jasotzen duten bonbardaketa ulertu eta barneratzeko gai izan daitezen. Egunero jasotzen dituzten irudiekin zoratu ez daitezen: bahitutako pertsonak exekutatzen dituen hamar urteko mutiko batena, argazki batean baino bizi ez den munduko buruen manifestazioarena, eurek lapurtutako dirua zenbatzen duten poliziena, defenditzetik defendatuak izatera pasa-tzen diren abokatuena, emakumeen hilketa batek baino espazio gehiago merezi duen urrezko baloiarena...
Egun hotz eguzkitsuak enkargatu nahiko nituzke berriek erakusten diguten errealitatetik haratago heldu ahal izateko, berrien atzeko aldea ezagutzeko, argazki baten interes ezkutua. Argitasuna enkargatuko nuke gero eta finagoa den propaganda, espektakulua eta gaurkotasun-albisteen errelatu zintzoaren arteko muga bereiztu ahal izateko.
Egun hotz eguzkitsuak. Asko gustatzen zaizkit. Nahiko nituzke niretzat.