Egun batzuk zuk gidatzen dituzu, beste batzuk eraman egiten zaituzte. Egun batzuetan bat zenbakiaren ondoren bi dator, eta gero hiru, txikitan ikasi genuen bezala. Baina beste egun batzuetan egunak berak eramaten zaitu, kontrolaezinak dira egun horiek, gainezka dagoen supermerkatuko orga baten antzera: ezkerrera egin nahi eta orgak eskubira egiten du beti. Horrelako egunak daude. Okertu egiten diren egunak.

Pentsa dezakegu zuk gidatzen dituzun egun horiek izan beharko luketela atseginenak: zure planak betetzen doaz, agendan apuntatuta zenituen zereginak zirrimarratzen zoaz eta azkenean, egunak ondo ordenatuta bukatzen du, plantxatutako izarak armairuan gordeta bezala.

Baina kontrolaezinak ematen duten egun horietan ere badago gozamenerako aukerarik. Izan ere, gutxienez bi motatako egun kontrolaezinak daude. Batetik, egun madarikatuak daude: ez duzu aparkatzeko tokirik aurkitu, multa jarri dizute, berandu heldu zara hitzordu batera, argia joan da eta azken orduan ordenagailuan idatzi duzuna galdu duzu...

Baina badaude hain justu kontrolaezinak direlako bereziki atseginak egiten diren egunak. Egun horietan ez duzu espero zenuena egin, baina beste aukera hobe bat izan duzulako. Egunak eraman zaitu, baina zuk utzi egin diozu, hurrengo orduan zer oparituko dizun zain, jakinminez: ustegabeko elkartze bat, iluntze eder bat, edo geroago etorriko dena zer izango den jakiteko ilusio berritua.

Ideia hau Alice Munroren ipuin bat berrirakurtzen nengoela etorri zait burura. Hain justu, uste baitut hori bilatzen nuela irakurketarekin, ibai indartsu baten korrontean sartu eta urak neure burua nola eramaten zuen ikustea. Haren ipuinek eskua eskaintzen dizute eta eguneroko bizitzatik gora eta behera doan errusiar mendi batera igotzera gonbidatzen zaituzte.

Batzuetan gertatzen da. Batzuetan zure burua korronte indartsuaren esanetara uztea benetan da ederra eta atsegina.