HARTU arnasa. Gorde barruan, ez bota oraindik. Ezin duzu aguantatu? Gorritzen hasia zara? Bota, bota lasai, itoko zara bestela eta. Orain, pentsa ezazu une batez gertatu denaz. Bizitzeko ezinbestekoa duzun airea sartu duzu gorputzera, baina behin segundo batzuk zure barnean egon ondoren, zuretzat guztiz beharrezkoa zen aire bera kanpora bota behar izan duzu itota ez hiltzeko, eta aire berriari berriz ere lekua uzteko.

Arnasten dugun airea bezalakoak dira askotan izaten ditugun ametsak. Gizakiak gure artean antzekoak edo berdinak gara gauza batean: denok nahi dugu zoriontsu izan. Bakoitzak bere modura, baina denok nahi dugu pozik bizi, eta zoriontsu nola izan gaitezkeen amesten dugu, zoriontsuak izateko zer behar dugun pentsatzen dugu: batek pentsatuko du norbaitek emango dion maitasuna dela benetan zoriontsu egingo duena, beste batek pentsatuko du diruak emango diola benetako poza, eta hirugarren batek pentsa dezake bere lana aintzat hartua izatea lortzen duen egunean izango dela benetan zoriontsu.

Baina arnasarekin gertatzen den legez, une honetan hartzen ari naizen arnasari esker heriotzatik libratzen banaiz ere, arnas horretxek berak ez dit balioko hamar segundu barru, eta kanpora bota beharko dut berri baten bila hasteko. Airearekin bezala, zoriona ez da beti gauza berdinetan eta leku berdinetan aurkitzen. Besteak beste, bizitza zerbait baldin bada mugimendua delako, etengabeko aldaketa eta eraldatze bat, eta gaur bizitza salbatzen digun horrek, agian bihar ez digu ezertan lagunduko.

Atzoko soluzioak, gaur ez dizu balio; atzoko ukenduak, gaur ez zaitu zertan sendatu behar... Agian egunero egin beharko duzu bilaketa berri bat, egunero bilatu beharko duzu zoriontasuna inguruan dituzun gauzen artean. Aire berria hartu egunero, bizirauteko.

Hartu arnasa. Gorde barruan, ez bota oraindik. Ezin duzu aguantatu? Bota lasai, itoko zara bestela eta.