gAUR goizean konturatu naiz, dutxa har-tzen nuen bitartean. Nola ez naiz ohartu lehenago? Hurrengo urterako ditudan desio guztiak, edo ia guztiak, erabiltzen dudan xanpuaren gaitasun eta ezaugarrietan dago laburbilduta. Han dago guztia. Xanpu potoa hartu eta irakurri dudan lehen gauza "fuerza y brillo" izan da. Eta bai, behar-beharrezkoa dut indarra borroka den bizitza honetan aurrera egiteko, eta zer esan distirari buruz, buruaren argitasun bezala ulertuta. Kontzentrazioa ezinezko bihurtu den gizarte honetan nik dir-dir egiten duten ideiak izan nahi ditut, buru argi bat. "Aspecto saludable" irakurri dut baita ere, eta zer osasuna baino garrantzitsuagoa? Nik ere nahi dut, niretzat eta nire ingurukoentzat.
Erabiltzen dudan xanpuaren potoari gogoz heldu diot "desenreda los nudos" irakurri dudanean. Hori bai behar duguna! Askatu behar ditudan eta ditugun korapilo guztiak etorri zaizkit gogora eta hauek askatuta ikusteak sentituko nukeen poza imajinatu dut. Bueno, ezin dut imajinatu. "Un mundo de sensaciones". Horixe ba. Sentitu. Horixe nahi dut neuk ere 2014rako: sentitzea. Nire sentipenak ez izoztea. Sentituz bizitzea. Zer tristeagorik bizitza honetatik sentitu gabe joatea, ezta? "Fragancia que te trasladará a lugares exóticos". Xanpu potoa besarkatzeko gogoa piztu zait. Bai, horixe da, leku exotikoak bisitatu, bidaiatu, mundu berriak ikusi, gero buelta-tzean, nire mundua ikuspegi berri batetik ikusteko. Hori ere desioen zerrendara.
Dutxatik irtetean zalantza piztu zait. Nahikoa izango da egunero xanpu horrekin burua xaboitzea guzti hori lortzeko? Froga egiteagatik ez dut ezer galtzen.
Potoak idatzita dakarren azken lerroari erreparatu diot. "Un cabello feliz", esaten du. Eta hor laburbiltzen da hurrengo urterako nahi dudan guztia: zoriontsu izatea eta ingurukoak ere zoriontsu ikustea. 2014a indarrez eta distiraz hasi dezazuela. Eta burua garbi duzuela?