sCARLETT Johansson eta Matthew McConaughey aktore ederrak autobuseko markesinan dagoen Dolce & Gabanna perfumearen iragarkitik begira dauzkat, irribarrez. Goizeko zortziak dira, nire seme-alabak ikastolara eramango dituen autobusaren zain nago, eta logura eta hotzaren eraginez nekez eran-tzun diezaieket irribarre batekin.
Iragarkiari begira nagoela konturatzean, nire alabak Scarletten irudia seinalatu du eta bota du: hau ama da. Barrea kolpe batean irten da nire barrutik, doministiku baten antzera, eta nire alaba musukatzeko gogoa izan dut, hain begi onez ikusten du ama. Gizonaren irudia seinalatu du ondoren eta hau aita da esan du.
Orduan pentsatu dut zein gauza diferenteak ikusten ditugun nire alabak eta neuk argazki berari begira. Nik edertasunaren kanona bete-tzen duten bi irudi ideal ikusten ditut, eta badakit ez direla errealak, ez dira benetakoak, jendea ez baita horrelakoa. Igo zaitez autobus batera, sartu supermerkatu batera, kafetegi batera eta ez duzu antzeko inor aurkituko. Konturatu barik, iragarkia ikustean hori pentsatzen dut, iragarkiak amets bat saltzen digula eta hala ere, konturatu gabe, proposatzen didan tratua onartzen dut.
Baina nire alabak beste zerbait ikusten du, oso ezberdina. Gizon eta emakume batek osatzen duten bikotea ikusten du, besterik gabe. Bizi-tza aurrera doan heinean, gauza guztien atzeko aldea ikusteko joera indartzen doa gugan. Zahartzeak hori dauka, supermerkatu bateko iragarki batean nire alabak yogurtak, fruta eta arrainen irudiak ikusten dituen lekuan, nik Sevillan iraungitako elikagaiak jateagatik hildako familiaren isla ikusi dezaket.
Nire alabak munduaz duen ikuspegia oraindik inuzentea eta ideala da, ez dakit zenbait iraungo dion, baina bitartean, onartu behar dut nik aprobetxatu egiten dudala eta goizero galdetzen diodala noren antza duen iragarkiko emakumeak. Edurnezuriren sorgina ematen dut, ispiluari erreinuko ederrena nor den galdezka.