hILZORIAN dauden gaixoekin urtetan lan egin eta gero, erizain batek bizitzaren azken orduetan gaixo hauek gehien aipatzen dituzten damuak bost direla kontatzen du. Batetik, hauetako asko damutzen omen da ez direlako fidel izan norberaren izateko moduari eta aldiz, bizitza besteek beraiengan espero zutena izan nahian igaro dutelako. Norbera den modukoa azaltzeko ausardia falta askotan agertzen den damu bat omen da.
Bestetik, gizonetan bereziki, askotan ager-tzen den damua etxetik kanpoko lanari denbora gehiegi eskaintzea da, etxekoei eta seme-alabei eskaini beharreko denboraren kaltetan. Familiarekin batera, lagunak ere asko agertzen dira. Asko eta asko konturatzen omen da azken momentuan ez diela nahiko denbora eskaini lagunei, ez dutela elkarrekin nahikoa disfrutatu. Urteek aurrera egin ahala, lagunak berreskuratzea zein zaila den konturatu omen dira asko.
Beste damu bat: bakea izateko eta besteekin arazorik ez izateko bakoitzaren iritzi eta sentimenduak ezkutatu izana. Besteen erreakzioen beldur, iritzirik azaldu ez izana. Eta azkeneko damu bat: norberaren buruari zoriontsu izateko aukerarik eman ez izana, bizitzako aldaketei beldur izatea eta aurrerapausorik ez ematea zoriontasunerantz baizik eta erosotasunerantz.
Erizain honek dio, jendea hilzorian dagoenean, bi direla haien buruetan etengabe bueltaka dabiltzan gaiak: maitasuna (besteenganakoa eta norbereganakoa) eta harremanak.
Bizitzak aurrera garamatzan ibai baten an-tza izaten du, eta askotan pentsatzen dugu ez daukagula honen gidaritza, urak berak agin-tzen duela nora goazen. Eta neurri handi batean egia da, baina ezin dugu ahaztu arrauna gure eskuetan dagoela, eta gauza asko ezin izango ditugula kontrolatu, baina beste asko bai. Urak azkenean beste leku batera eramaten bagaitu ere, arrauna nahi dugun lekura zuzentzea ezinbestekoa da bizitzan, hilzorian gaudenean damu gehiegirik ez izateko behintzat.