bizitzan askotan begiratzen dugu atzera, garai batean nor izan ginen gogoratzeko. Nik aste honetan atzera begiratu dut, nire haurtzarora, eta bereziki ikastolan pasatutako urteetara. Eta dena aste honetan bertan Gasteizko Olabide ikastolak 50 urte bete dituelako. Mende erdia pasatu da Gasteizko guraso talde batek euren seme-alabek euskaraz ikasteko bidea ireki zuenetik. Hamalau neska-mutil hasi ziren Izaskun Arrue andereñoaren etxean ikasten, modu klandestinoan. Askotan garrantzitsua da atzera begiratzea gaurko lekuetara nondik eta zelako ahaleginen ondoren heldu garen kontuan izateko.
Urteurrena dela eta, konturatu naiz ikastolako nire oroitzapen gehienek lagunekin dutela zerikusia. Leku batean edo beste batean ikasi, nik uste eskola garaiko oroitzapenak beti izaten dutela zerikusia adiskidetasunarekin, harremanekin. Eta irakasleak ere gogoratzen ditugu, baina ez hainbeste akademikoki irakatsi zizkiguten gauzengatik, eurengandik ikasi genituen beste gauza batzuengatik baizik: garai batean eman ziguten gomendioagatik, edo irakatsi zizkiguten baloreengatik... Guzti honek pentsarazten dit zelako garrantzia duen eskolak ez bakarrik irakasgai ofizialetan, baizik eta baloreetan eta giza harremanetan irakasten digunagatik.
Eskolan gauza asko ikasten dira, baina horren gainetik, eskola pertsona egiten garen lekua da, senditartearekin batera. Horregatik gaurko neska-mutilak motxila pisutsu horiekin hara eta hona ikusten ditudanean, pentsatzen dut han leku gehiago utzi beharko geniekeela beste irakasgai batzuetarako: pertsonen arteko harremanak lantzeko, emozioak modu natural batean azaltzeko edo lotsari edo beldurrei aurre egiteko, adibidez. Zazpiaren biderkatzeko taula ikastea beharrezkoa da (bide batez, nik ez nuen sekula ondo ikasi), baina are garrantzitsuagoa da mundu honetan bizitzen jakitea, harreman osasuntsuak izaten ikastea, eta barruan duguna adierazteko tresnak eskuratzea.