EZ dut nik asmatu. Egunero entzuten dudan hitza da. Nolaitik? Nire alabak etengabe galdetzen dit: ama, nolaitik joan zara? Ama, nolaitik egiten dute hegan txoriek? Berbetan ikasi eta gutxira erabiltzen hasi zen hitza da, berak asmatua. Dena jakin nahi du eta nik uste haren jakinminaren tamaina hain handia izatearen emaitza da hitz berria. Nola eta zergatik, dena batera jakin nahi du.
Orain, alabari hainbeste aldiz entzun ondoren, neuri ere nolaitik hitza etortzen zait batzuetan burura, bereziki ulergaitzak egiten zaizkidan egoeren aurrean. Nolaitik galdetzea mereziko luke adibidez emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean bertan gurean hiru eraso sexualen berri izateak adibidez. Galdetuko nuke, baita ere, ume baten xalotasunaz, nolaitik pertsona gehienek ez daukaten arazorik emakume eta gizonen berdintasunaren alde daudela esateko, baina feminismo hitzak oraindik eztarrian min egiten dien. Burura datorkidan beste nolaitik bat: Nola eta zergatik egon da Teresa Toda sei urtez kartzelan egunkari bateko zuzendari ordea izateagatik. Edo nolaitik ezarri nahi dute hezkuntza erreformarako Lomce proiektua, hezkuntza mundua eta euskal gizartearen gehiengo zabal bat haren kontra baldin badago.
Egunkariari begira nolaitik asko sortzen zaizkit, baina ez dut urrunera joan behar burua galderaz betetzeko. Ez dut ulertzen, adibidez, zergatik nire etxean bertan, auzokideen bilera batean jendeak berba eta berba egiten duen baina inork ez duen entzuten albokoak esaten duena. Eta nola askotan auzokideen bileren antza hartzen duten parlamentuek. Eta ez dut uler-tzen zergatik telebistako kateek indarkeriaren pornografia egiten duten umeek telebista ikusten duten orduetan, eta ez hori bakarrik, bereziki umeentzako zuzenduta dauden marrazki bizidunetan eta saioetan. Horrelako marrazkiak ikusi ondoren, nire semea aurrean duen guztiaren kontra borroka egiteko prest egoten da. Eta erantzuna jakinda, zer galdetuko diot nik? Ea zergatik egiten duen hori? Ea nolaitik?