Semeak badaki amari ez zaiola halakorik entzuterik gustatzen, beraz, telebista ikustea edo Nintendoarekin jolastea debekatzen dionean, berak mendeku gisa aspertzen dela esaten dio. Aspertu egiten naiz, ama. Eta amari barruak nahasten zaizkio bere semearen ahoan hitz hori entzuten duenean: aspertu. Nola aspertuko zara bada sei urterekin? Hitz horren esanahia ere ez zenuke ezagutu behar adin horrekin eta! Amak uste du sei urteko ume batentzat mundu honetan ezin dela egon atentzioa ematen ez dion ezer, dena baita berarentzat berri, mundua ezagutzen hasi baino ez baita egin.
Beste adin batzuetan, tamalez, ohikoa izaten da aspertzea, adin batera helduta askotan zaila izaten baita egunero zerbait berri gertatuko zaigula edo ikusiko dugula sinestea, eta egunek gero eta antz handiagoa izaten dutelako beraien artean. Baina ume bat aspertzea? Ezin du ulertu.
Azken aldian ikusten dituen neska eta mutilak euren adinekoak ez diren keinu eta sentimenduak bereganatzen ari direla iruditzen zaio eta dagozkienak galtzen doazela. Gaur autobusean mutil bat ikusi du, eserita, eskolako motxila belaunen gainean jarrita, eta haren keinua lanera gogo gabe doan gizon batena iruditu zaio. Belaunen gainean maletatxo bat eramatea falta zitzaion bakarrik. Alboan bi neska zeuden, hamar urtekoak edo, azazkalak eta ezpainak arrosaz margotuta, eta azukrea organismoarentzat txarra omen den eztabaidatzen zeuden.
Non daude errotulagailuz zikindutako eskuak? Non barre bihurriak, belaunetako zauri eta beltzuneak? Non etengabeko galderak eta ase ezina dirudien jakin-nahia?
Gaur, bere semeak aspertzen dela esan dionean, ikusi makusira jolastea proposatu dio. Bera txikia zenetik ez du jolastu, baina iruditu zaio izan daitekeela modu bat mutilak ingurura begiratu eta mundu honetan zenbat gauza dauden estimatu dezan. Ez daki helburu hori lortu duen, baina behintzat primeran pasatu dute.