aste honetan, sare sozialetan New Yorkeko lehen elurteari buruzko informazio gehiago aurkitu ditut (asteartean hasi omen ziren lehen elur malutak ikusten hiri handian) Filipinetako hondamendiari buruzkoak baino. Haiyan tifoiak utzitako dekoratu makabroarenak baino, gehiago agertu dira nire ordenagailuan zuritzen hasitako New Yorkeko Central Parkeko irudiak. Filipinak oso urrun daude, argi dago. Eta urruntasuna kasu honetan ez da kilometrotan neur-tzen, ez behintzat kilometro fisikoetan, bai ordea gure arimetatik eta sentitzeko gaitasunetik dagoen distantzian. New York epizentroan dago, New Yorken bizi direnak gu gara baita ere, gu bezalakoak dira. Filipinetakoak, ordea, besteak dira. Hondamendia gertatu eta hemengo komunikabideek bertoko biktimaren bat badagoen jakitean jartzen duten ahalegina horren adierazle garbia da.
Urruntasuna ez da kilometrotan neurtzen, baten herrian bertan ere, batzuk urrun daude eta beste batzuk gertu. Batzuen sufrimenduak ez gaitu astintzen beste batzuen sufrimenduak legez. Batzuetan azalari atximurka egin behar izaten diogu benetan bizirik gauden egiazta-tzeko, benetan bihotza dugula sinesteko. Lanik gabe geratu den lagun baten egoerak zulo bat eragiten digu ariman, eta zerbait egin beharra sentitzen dugu egoera hori konpontzeko edo salatzeko behintzat. Baina gurekin zerikusirik ez duten kaleko eskaleen zorigaitzak ez gaitu erreakzionatzeko behar bera pizten.
Ez da ariketa txarra, zentzu honetan, gutako bakoitza inguruan ditugunentzat urrun ala gertu gauden egiaztatzeko ahalegina egitea. Gertatzen zaigunak zenbateko eragina duen ba-tzuengan eta besteengan. Nahiz eta horrelakoak mugako egoeretan bakarrik ikusten diren argi.
New Yorken elurra egin omen du aste honetan. Zein polita egiten den New York elurtuta. Gabon hauetan elur horrek izango du lekua etxe askotan jarriko diren jaiotzetan. Ez dut uste hango figuraren batek ere Filipinetako biztanleen aurpegirik izango duenik.