lankidearekin hitz egiten ari zara, udako oporrei buruz: ez dakit uztailaren 22tik 28ra arte hartu, gero lan egin, eta ondoren, abuztuaren 12tik 25era hartu, ala bestela? Matematikak egiten ari zara, algebra, puzle bat osatzen opor egunei etekin gehiena ateratzeko asmoarekin. Gauez ere lo gutxi egin duzu, berandura arte ibili baitzinen Interneten han eta hemen azken orduko eskaintzen artean zerbait aurkitu nahian: hotelak, hegaldiak? Bai, udako oporren antolaketak estresatu egin zaitu. Konturatu barik, oporrak arazo bihurtu zaizkizu, burukomin.
Eta antolaketa lanetan ari zinela, garai bateko udako oporrak gogoratu dituzu, ume bat zinen garaikoak. Orain hainbat tramite burokratiko egin ondorengo egunak dira udako oporrak, baina lehen, haurtzaroan, uda maiuskulaz idazten zen zeure buruan. UDA. Eta hitzaren hizki bakoitzak hilabete oso bat zeraman barnean, emakume haurdunak umea daraman moduan. Uda ez ziren aste ba-tzuk egutegian, uda garai bat zen, aro bat. Modu batean sartzen zinen udan eta beste modu batera irteten zinen, liburu onen irakurketarekin gertatzen den legez. Tunelean sartu eta urtero lurralde ezberdin batera eramaten zintuen udak, nahiz eta beti leku berean igaro.
Uda luze horietako batean ibili zinen lehen aldiz gauez kaletik, uda horietako batean irten zinen lagunekin gurasoen konpainiarik gabe, udako koadrilarekin bankuan eserita pipak jaten maitemindu zinen lehen aldiz? Udak hasiera zuen, eta bukaera, baina bien arteko distantzia oso handia zen. Lurralde berri bat konkistatzea suposatzen zuen uda bakoitzak, mundu berri bat deskubritzea.
Gaur zure oporrak astetan zatikatuta ikusten dituzu, harakinaren aizto luze eta zabalarekin moztuta bezala. Eta zatiketa horretan, antolaketa eta planifikazio horretan, zerbait galdu dute. Udaren usaina galdu dute. Maiuskulak galdu dituzte.