gogoratzen al duzu algaraka barre egin duzun azken aldia? Barreak eraginda negar gureari ezin eutsita ibili zarena? Noiztik ez duzu sentitu masailak minduta barrearen barrez? Duela gutxi izatea espero dut, barrea geratzen zaigun pozgarrietako bat baita. Izugarria da barreak nola asebetetzen gaituen, zein ona den geure umorearekin bat egiten duen norbait aurkitzea eta haren ateraldiekin, barrearen barrez, geure barruak eztanda egin behar duela sentitzea. Orgasmo batzuk barre algara asko baino tristeagoak izaten dira.
Barrearen hedatze-uhina, kutsakorra izateaz gain, giro eta persona toxikoen aurkako defentsa naturala da. Kritika suntsitzailearen lagunen kontrakoa, gauza guztien alde ezkorra ikusten goxo sentitzen direnen kontrakoa. Barreak uxatu egiten ditu. Egizu barre zu haserretzeko ahaleginetan dabilen norbaiten aurrean. Toxikotasunaren aurkako babes onena da.
Exorzismo baten antzekoa da barrea. Barre egitean, tentsioak lasaitu egiten dira, muskuluak mugiarazten ditu barreak, neuronentzako dantza konpontzailea da. Gorputzean airea sartzen da barre egitean, eta malkoak sikatzen ditugun bitartean, gauzak erlatibizatzeko aukera dugu. Gertatzen zaigunaren gainetik, garrantzitsuena egoeren aurrean nola erreakzionatzen dugun dela ikasten laguntzen digu.
Egia da munduari begirada bat botaz gero, ez dagoela barre algaraka hasteko modura. Nahikoa da albistegi bat ikustea, egunkari bat irakurtzea edo gure artean gaizki pasatzen ari den jendearekin egotea. Sufrimendua mundutik hedatzen da injustiziak dituen mila aurpegiak erakutsiz. Baina mundu hau aldatzeko ahalegina egitea, gustatzen ez zaiguna aldatzeko lan egitea, eta kexatzea ere, barrearen laguntzarekin egin daitezke.
Gogoratzen al duzu algaraka barre egin duzun azken aldia? Barreak eraginda negar gureari ezin eutsita ibili zarena? Egizu barre. Eragizu barrea zure inguruan daudenen artean. Gera-tzen zaigun ekintza iraultzailetako bat da.