hANDIK pasatzen naizen bakoitzeak zerura begiratzen dut. Gasteizko Senda ibilbidearen hasieran dago, Floridako parketik trenaren zubira arteko tartean. Armentiara daraman gaztainondoz inguraturiko bidean sartu aurretik, ehunka urteko platano arbola garaiak daude eta ibilbidearen gainetik hostoz eta adarrez egindako bobeda berde bat osatzen dute. Berez ikusgarria da bobeda natural hau, baina bereziki erakargarri egiten zait arbola baten adar luze batek duen desbideratzeagatik. Adarra besteengandik ihesi dagoela ematen du, eta argirantz okertu eta luzatzen da beso bat balitz bezala. Biziraupenaren erretratua da.
Adarraren desbideratze eta okertzea urtetan osatzen joan den keinua da. Kasualidadez, arbola errenkadari 1970ean egindako argazki bat ikusi ahal izan dut egunotan, eta harrituta aurkitu dut bertan egunero ikusten dudan okertutako adar bera, bizitza eta argiaren bila, gaur bezala, duela 43 urte.
Pertsonak, zuhaitzen antzera, hain lotuta gaude bizitzari, egiten dugun keinu bakoitzean erakusten dugu bizirauteko dugun beharra. Eguneroko keinu txikiak dira, baina argi erakusten digute larrialdi batean, gure bizirautea bermatuta ez dagoen egoera batean, edozer egiteko kapaz garela bizirik mantentzeko.
Krisi garai batean murgilduta gaude eta pertsona batzuek lehen aldiz ikusi dute gertutik oinarrizko beharrik gabe geratzeko arriskua, lehen aldiz sentitu dute amildegia euren oinen aurrean. Eta Senda ibilbideko arbolaren antzera besoak luzatzen hasi dira, orain arte erabili ez dituzten baliabideak erabiltzen hasi dira: lotsa galdu dute familiako norbaiti diru-laguntza eskatzeko, adibidez, edo lagun bati lanpostu batengatik galdegiteko.
Zuhaitzek asko dakite. Guk baino gehiago dakite askotan geure bizitzei buruz. Goitik espiatzen gaituzte gu konturatu gabe. Eta beraien keinuekin esaten digute bizitza ez dela beti erraza eta bizirauteak batzuetan geure burua bihurrikatu eta okertzera behartzen gaituela. Besoak luzatzera, argia eta bizitzaren bila.