ariketa bat proposatu dit lagun batek. Jar-tzazu harri multzoa lurrean, egizu harriekin zirkulu bat. Sartu zaitez zirkuluaren barruan eta pentsa ezazu harri horiek babesten duten lekua zeurea bakarrik dela, pentsa ezazu bakoitzak badaukagula espazio intimo bat guri bakarrik dagokiguna, mundura bakarrik etorri eta bakarrik goazela gogorarazten diguna, bakoitzaren bakartasuna irudikatzen duena. Lagunaren iritziz, ariketa hau ona da besteek egin, esan eta pentsatzen dutenak guregan duen eragina murrizteko eta gure autonomia sendotzeko.

Alabak, semeak, emazteak, senarrak, bikoteak, lagunak, lankideak, gurasoak... gure inguruan izar konstelazio baten antzera daude bueltaka, gure parte dira baina ezin dute geure osotasuna menderatu, badago espazio bat, espazio intimo bat, bakoitzarena bakarrik dena, eta erdi aroko eskuizkribu bakar bat balitz bezala babestu behar duguna.

Arrazoi du lagunak, eskertu diot proposamena, baina gogoratu diot emakume edo gizon izan, ariketa hau zailagoa izan daitekeela lehenengoen-tzat, gaur bizi dugun gizarte eredu honetan barne behintzat. Emakumeen harrien artean sekulako filtrazioak ikusten ditudala nik, horixe esan diot, izar konstelazio horretako askok menderatzen digutela gure espazioa eta batzuetan geu garela harriak kendu eta atetxoak irekitzen ditugunak geure leku intimoena besteena ere badela sinistarazi baitigute mendeetan zehar.

Gaur ere, atzo bezala, kolokan dago leku intimo hori, pentsa, leku intimoena ere publiko egin nahi baitute. Emakume batek bere barnean bizi-tza berri bat hazi nahi duen edo ez erabakitzeko eskubidea ere ezbaian jartzen dute eta. Esku arrotz bat sentitzen dut neure gorputzean sar-tzen abortuaren eskubidearen kontrakoak en-tzuten ditudanean.

Gizaki sozialak gara eta gure inguruan dauden guztiek eragina dute gugan. Baina leku guztiak ez dira publikoak. Eta gauzak dauden modura, harriekin egindako zirkulu batekin bakarrik ez, harresiekin defendatu beharko ditugu geure leku intimo batzuk.