Síguenos en redes sociales:

Munduan, han kanpoan

senarrarekin batera afaltzen dagoela, izara zuriz estalitako gorpua ikusi du Marijek telebistan. Teleberrian bere bikotekideak eraildako emakume baten kasuaz ari dira, eta Marijek une batez airean gelditu du koilara "emakume gaixoa" esateko, "ez dago eskubiderik". "Egon zaitez isilik", esan dio senarrak orduan, kiroletako tartea hastear dagoela argudiatuz. Fideoen zopa bukatu eta Marije isilik hasi da mahaia jasotzen. Ikusitako irudiak buruan, ezin du ulertu nola gertatu daitezkeen horrelako gauzak munduan, han kanpoan.

Nerea bere nobioarekin geratu da institutuko atean. Beti etortzen zaio bila, eta ikusten duenean, ia agurtu gabe aldentzen da bere lagunengandik harengana korrika joateko. Nerearen nobioari biak bakarrik egotea gustatzen zaio eta muxu ematen dionean askotan esaten dio: "Nerea zara, Nerea". Nereak orduan sentitzen du bere nobioak inork baino gehiago maite duela, bere lagunen gainetik, bere familiaren gainetik... Institutuaren atean kartel ba-tzuk jarri ditu Zuzendaritzak, puntu lila handi baten alboan. Nereak ez daki zergatik jarri dituzten gaur, baina badaki ikur horrek zerikusia duela emakumeen aurkako indarkeriarekin eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen arazo bat dela han salatzen dena. Munduan, han kanpoan bizi diren emakumeena.

Nekanek komuneko tiradera txiki batean ezkutatu du etxean daukan diru apurra. Laster agertuko da semea, eta ostirala izanda, badaki dirua eskatuko diola. Diru apur bat utzi du diru-zorroan, eta hori emango dio. Gehiagorik ez daukan galdetuko dio semeak, urduri eta mehatxari, eta berak ezetz erantzungo dio, beldurrez. Ezetz esan zion azkenekoan hankaz gora utzi zuen etxea eta. Ez zaio komunean begiratzerik bururatuko. Telebista piztu du semea heldu bitartean, eta begia belztuta daukan emakume baten irudia agertu da iragarki batean. Horiek bai, pentsatu du, horiek bai bizi dutela benetako infernua. Munduan, han kanpoan.