demokrazia, Justizia, Elkartasuna, Askatasuna. Hitz potoloak aspaldi daude hutsik, edo hobe esanda, barruan edozer gauza topa dezakezu. Bonboi beteak dira. Haginka egin arte nekez jakingo duzu likorezkoak edo almendrazkoak diren. Zaila da jakiten hitz potoloek zer esanahi duten, irudi abstraktuak islatzen baitituzte, eta konkrezio falta horrek moldagarriak bihurtzen ditu honelako hitzak erabiltzen dituztenen diskurtsoak. Zein lekutan, nork eta noren aurrean esan, hauen esanahia guztiz kontrakoa izan daiteke. Norbaiten ahotan hitz potoloak entzutearekin batera txistuka hasten zaizkit belarriak eta argizko seinale handi bat agertzen zait aurrean: kontuz, diskurtso hutsal batera hurbiltzen ari zara.

Hitz potoloak bisuteria dira hein handi batean, eta liburuetan argi ikusten da: zenbat eta hitz potolo gutxiago, errazagoa da bertan literatura aurkitzea. Hitz potoloak ez baitira aipatzeko edo idazteko, egiteko eta bizi-tzeko baizik. Literaturak zehaztazuna bila-tzen du, formula matematikoen antzera, eta horretarako murgiltzen da konkrezioaren munduan. Literatura onak zizt egiten du, orratz baten antzera, haren punta oso zorro-tza delako, oso konkretua. Ez du Maitasunaz hitz egiten, norbaitek norbaiti une konkretu batean emandako muxuaz baizik. Horregatik egiten da sinesgarria.

Hitz potoloak hutsik geratu dira: autoen iragarkietan Askatasuna saltzen digute, Gabonetako telebistako saioetan Elkartasuna, eta telefono konpainiek Justizia aldarrikatzen dute deietan gutxiago gastatu nahi dutenentzako (Telefonikak herri asanblada bat imitatuz egin duen azken iragarkia higuingarria da).

Hauteskunde kanpaina bukatzen dela aprobetxatuz, politikariei eskatuko nieke, hurrengoan, ekidin ditzaten hitz potoloak, literatura onak egiten duen modura, eta murgildu daitezen gauza zehatzen munduan. Boterea eskuratuz gero egingo dutenaren irudi konkretu bat helarazi dezaten. Egun, hitz potoloek autoak saltzeko ere ez dute balio eta.