nI benetakoa naiz, esan dit lagunak. Ni behintzat benetakoa naiz, errepikatu dit, haserre. Arazo bat izan du lankide batekin, lantokietan eguneroko harremanaren ondorioz sortzen diren horietako bat, eta minduta dago. Lankideak gauza bat esan eta beste bat egiteaz gain, berari buruz txutxu-mutxuka ibili dela jakin du. Ezin du faltsukeria jasan.

Nire lagunak onartu dit gauza batzuk gaizki egiten dituela, eta guztioi gertatzen zaigun bezala, askotan damutzen dela hartutako erabakietaz, baina zerbait egiten duenean, benetan sinistuta egiten duela ziurtatu dit, benetan sentituta, eta nik, hura ezagututa, ongi ulertzen dut esaten didana.

Nik ez diot lagun bati eskatzen beti egia esatea (pentsatzen dugun guztia esango bagenu, nahiko zaila izango bailitzateke elkarbizitza), ez diot eskatzen beti umore onez egotea, ezta kontraesanik ez izatea, ni bezala pentsatzea edo nirekin sekula ez haserretzea, baina benetakoa izatea bai, gezurra esaten didanean ere benetakoa izatea. Gezurra esaten badit, gezurra esan behar duela sinistuta egin dezala, niretzat edo gure harremanerako hobea delakoan. Egiten duena sentitu dezala eskatzen diot. Negar egiten badu, benetan negar egiteko beharra sentitzen duelako izan dadila eta barre eginez gero, benetako barrea irten dadila haren ahotik, ez behartutako keinu bat.

Nik badakit nire lagunak benetakoa izateagatik asko sufritzen duela, gauzak gaizki datozenean sakon eragiten diotelako, baina zelako gozamena den nire laguna ikustea gauzak ondo doazkionean edo pozik dagoenean. Haren poza hain da egiazkoa besteekin partekatzeko beharra sentitzen du, eta inoiz gertatu zait: harekin geratu eta ezer esan aurretik besoak irekita inguratu zait eta besarkada handi bat eman dit. Horrela, besterik gabe. Eta horrelakoak egiten dituenean, bere besoak energia igorleak bihurtzen dira, eta benetan, karranpa ematen du.