oso zalantzatia naiz. Nire amak dioenez, erabakiak hartu beharrean zalantzak hartzen ditut nik. Eta arrazoi dauka. Inoiz errotondaren bati bi buelta baino gehiago eman dizkiot autoan noala, nondik irten ezin erabakita. Duela gutxi arte nire ezaugarri honek asko kezkatzen ninduen. Denda batean praka bakeroak edo beltzak erosteko erabakia hartzea kostatzen bazait, pentsa zein egoeratan aurkitzen naizen bizitzako erabaki garrantzitsu horien aurrean. Blokeatu egiten naiz. Beti ikusten diot alde on eta txar bana aurrean dudan aukera bakoi-tzari.
Orain, aldiz, nire ezaugarri honek ez nau kezkatzen hainbeste. Are gehiago, bat batean, zalantza erakargarria dela sentitzen hasi naiz. Imajinatzen dut zalantzaz beteta bizi den pertsona baten burua eskaner baten bitartez begiratuta, eta han irekitako maleta bat ikusten dut. Handik kolore ezberdinetako tximeletak irteten ari dira hegan: tximeleta berdeak ezkerretara, horiak eskuinera, granateak gorantz doaz hegan. Su artifizialen ikuskizun bat ematen du. Imajina-tzen dut, bestalde, gauzak oso argi dituen pertsona baten burua eskanerraren bitartez begiratuta, eta han taulan orratz batekin itsatsitako tximeleta disekatuak ikusten ditut. Siku, geldi, bizirik gabe.
Zalantza ziurtasuna baino erakargarriagoa da. Zalantzaren bitartez ez bada, ezinezkoa da zenbait lekutara heltzea. Mundua zabalagoa eta emankorragoa da bidegurutzez beteriko bide baten moduan ikusita, bidesari berdinera eramaten zaituen autopista zuzen baten modura ikusita baino. Zalan-tzak badauka edertasun sotil bat erakargarri bihurtzen duena. Mundua handiagoa da zalantzarekin. Zalantzaz beteta bizitzea zailagoa da, egia da, baina aberasgarriagoa da tximeleta ederrena harrapatuko duzun esperantzaz irtetea kalera egunero, zure jakingura orratz baten ziztadaz hustuta ikustea baino.