Síguenos en redes sociales:

Microorganismoak

behin kritikatzen hasita, ezin esan gabe utzi, gutxien dakitenak direla beti gehien hitz egiten dutenak. Arlo guztietan. Zenbat eta gutxiago ezagutu errealitate bat, zenbat eta urrunago egon hitz egiten den arazo edo gai bati buruz, gero eta segurtasun gehiagoz hitz egiten da. Eta gehiago. Eta errazago.

Azal zati bati mikroskopioaren bitartez begiratuz gero, azal zati bat baino gehiago ikusten da. Ikusten dira ileak enborrak baliran, ikusten dira ilargiarenak ematen duten kraterrak, ikusten dira han bizi diren mikroorganismoak. Gauzak han gertutik ikusita zaila da esaten beltz ala zuri diren. Hain gertutik begiratuta, zaila da esaten beso bat beso bat besterik ez dela, han barruan baso bat dagoela ikusten baitugu.

Horrelako zerbait gertatzen ari zaie, nik uste, garai berriak direla eta, Euskal Herrira euskal arazoari buruz bertatik berri ematera etorri diren kazetariei. Hasten dira elkarrizketak egiten, hasten dira lehen pertsonan entzuten ba-tzuek zein besteek esaten dutena, ikusten dute zuzenean inoiz ikusi duten manifestaldirik jendetsuenetakoa, adibidez, eta bat batean galduta sentitzen dira. Gaian adituak izateagatik bidali dituzte hona, eta bat batean hain ikasia zekarten euskal gaiari buruzko gidoia aurrean duten krater eta enborren paisaiarekin bat ez datorrela ikusten dute. Hau konplexuagoa da.

Norbaitek esango du arbolak askotan ez dizula basoa ikusten uzten, eta arrazoi dauka, arazoei perspektibaz begiratzea guztiz beharrezkoa baita egoerak zerbait argiago ikusteko. Baina perspektibaz begiratzeak ez du esan nahi urrunetik begiratzea bakarrik. Urrundu aurretik, han azpian zer ezkutatzen den gertutik ikusi beharra dago. Gertutik urrunerako bidaia egin behar da, eta baita urrunetik hurbilekora. Lurralde bat hegan doan abioi batetik ikusi baino lehen, komenigarria da lehenago mikroskopioaz han bizi direnei begirada bat botatzea. Azkenean, urrunetik begiratuta ere mikroorganismoen antz handia hartzen baitugu.