Síguenos en redes sociales:

Premiazkoa

lankide batek mezu elektronikoak premiazkoak direla erakusten duen seinale batekin batera bidaltzen dizkit beti. Harridura marka gorri bat ageri da beti haren izenaren alboan. Hasieran presaka irekitzen nituen, baina konturatu naiz mezu guztiak bidaltzen dituela ohartxo horrekin, berdin bilera garrantzitsu baterako deialdia zein internetez hara eta hona dabilen txiste bat bada. Jada ez naiz urduritzen banderatxo gorria duten haren mezuak ikustean eta askotan besteak baino beranduago irekitzen ditut. Egunen batean benetan premiazkoa den zerbait beranduegi irakurriko dut.

Ohikoa da norberaren gauzak besteenak baino urgenteagoak direla pentsatzea. Medikuaren itxarongelan gaudela, han dauden guztiei baino lehenago deitu behar gaituztela sentitzen dugu, geurea bai delako urgentea, geurea bai delako mina. Baina pertsona batzuk espezialistak dira honetan eta oso landuta dute sentimendu hori. Tabernako barran zerbait eskatu behar badute, berdin zaie zerbitzaria garagardoaren upela aldatzen ari den edo beste batzuk lehenago badaude han, beraiek izango baitira mundu honetan egarri gehien dutenak eta tragoa besteak baino lehenago hartzea merezi dutenak. Berdin erakusketa batean, koadro bat ikusten ari zara eta halako batean norbait zeure aurrean jarriko da, koadroa ikusteko zuk baino urgen-tzia eta behar handiago duela erakutsiz.

Bestalde, badaude pazientzia lantzen ikasi duten pertsonak, ohituta baitaude autobusari itxaroten, edo supermerkatuko ilaran egoten, edo gaixorik daudenean sendatu arte pazientziaz itxaroten.

Gure herriak bizi duen gatazka politikoaren konponketak pazientzia dosi handiak eskatu ditu orain arte eta eskatuko ditu aurreran-tzean. Orain, Bake Konferentziako irudiak ikusita, norbaitek pentsa dezake herri honek marka gorria atera berri duela gure arazoa ahalik eta azkarren konpontzeko, baina benetan erakusten duena da urgenteak diren arazoak, premiazkoak izateagatik, su txikian prestatzen jakin behar direla.