bikotearekin batera ardo bat hartzen ari den emakume ilehoriak penaz begiratu dio tabernan bakarrik dagoen emakumeari. Eserita, mahaian kafe bat duela, liburu bat irakurtzen ari da emakume bakartia. Emakume ilehoriari iruditu zaio tristea dela taberna batean bakarrik egotea, alboan hitz egiteko inor eduki ez, eta liburu bat atera beharra poltsatik ez aspertzeko. Berak zorte handia duela pentsatu du, bera bikotearekin batera dagoelako, lagunduta, bakardadetik babestuta.
Irakurtzen ari den emakumeak, halako batean, burua altxatu du liburutik, tragoa eman dio kafeari eta bista pixka bat deskantsa-tzeko, ingurura begiratu du. Orduan, emakume ilehoriaren begiradarekin topo egin du eta honek beste alde batera jiratu du burua. Liburua eskuetatik askatu gabe, bikoteari begira geratu da: gizonak telebistan ditu itsatsita begiak, noizbehinka handik altxatzen du bista, beste trago bat ematen dio ardoari eta berriz geratzen da telebistari begira. Ilehoria tabernako kanpoaldera begira dago orain, begirada galdua. Bikotearen eszena penagarria iruditu zaio: ez diote elkarri hitz egiten, ezta begira-tzen ere. Hasperen egin, eta nobelaren irakurketan berriz murgildu aurretik, pentsatu du benetan zortea duela, berak norekin egon aukeratzen duelako, eta orain nobela interesgarri bateko pertsonaiekin egotea erabaki du.
Emakume ilehoriak orain barraren bestaldean berba eta berba ari diren bi gazteri begiratu die. Ez dira isiltzen, ez diote batak besteari hitz egiteko tarterik ematen ia, eta pentsatu du zoratzeko modukoa izan behar duela etengabe hitz egiten egon behar hori. Berak bai zortea, hain ondo ezagutzen dute elkar senarrak eta biek askotan isilik egoteko aukera ematen diote elkarri. Eta bake giro horrek maitasunari mesede egiten diola pentsatu du, nahikoa izaten baitute begirada bat bestea une horretan zer pentsatzen ari den asmatzeko. Orain, adibidez. Emakumeak ardo kopa altxatu eta, elkarri ezer esan gabe, topa egin diote maitasunari.