Síguenos en redes sociales:

Bizitza erreala

egongo gara. Ia geratzen garen. Zenbat aldiz errepikatu ditut antzerako esaldiak lagunekin hitz egitean. Eta gero, askotan hilabeteak pasatu dira elkar ikusi gabe, geratu gabe. Lagun minez ari naiz, esku baten ha-tzekin zenbatu daitezkeela esaten den horietaz. Aurreko egunean, lanerako bidean, kezka bat sortu zitzaidan: goizero ordu horretan gurutzatzen ditudan pertsonek, eta goizero autobusean nire alboan esertzen direnek (ia goizero izaten dira berberak), ez ote dakiten gehiago nire bizitza errealaz nire lagunek baino. Ezagutzen dute nire goizeko logura aurpegia, badakite zein ordutan irteten naizen etxetik, eta gehienetan autobuseko bidaia irakur-tzeko baliatzen dudanez, zein liburu ari naizen irakurtzen ere badakite. Nire buruari galdetu nion ez ote dakien gehiago nire bizitza errealaz fruta dendako andreak, adibidez. Badaki nahiago ditudala Fuji sagarrak Golden erakoak baino, astero lekak jaten ditudala… Eta medikuak? Horrek bai, horrek inork baino hobeto daki zelan nagoen. Eta lankideek, nire egunerokoaren lekuko diren horiek? Eta auzokideek, paretaren bitartez nire bizitzak duen soinua entzuten duten horiek? Ez ote dakite guzti horiek gehiago nire bizitza errealaz nire lagunek baino? Azken finean, aspaldi da nire lagunek nire bizitza errealaren bertsioa baino ez dutela jasotzen, nik eskaintzen diedan bertsioa telefonoz hitz egiten dugunean edo geratzea lortzen dugunean. Ez dugu inoiz kontaktua galdu, baina ez gara gure bizitzen lekuko zuzenak garai batean bezala. Gaztetxoak ginenean eta eguneko ordu gehienak elkarrekin egiten genituenean, geure bizitza errealen lekuko ginen, baina orain ardo bat hartzera geratzeko ere zailtasunak izaten ditugu. Hori horrela izanda ere, badakit edozertarako hor daudela, nire eguneroko bizitzaren lekuko diren guzti horiek ez dauden bezala. Eta nire bizitza erreala eurekin batera bizi nuen garaia gogoratuz nostalgia sentitzen dudanean, nire eskuko hatzei begira kontsolatzen naiz. Bai, beti daude hor.