Síguenos en redes sociales:

Vis a vis

Aspaldi bizi zara zeure buruarengandik urrun. Hain urrun, jada faltan sumatzen duzula. Olatuak harrapatu eta zu gabe utzi zintuenetik ziurrenik aldatuko zinen, baina ez duzu astirik izan egiaztatzeko. Konturatu gabe gertatzen da, eta edonori gerta dakioke. Urtetan erantzun diezu zeure buruak egindako galderei, poztu zara ondo egin dituzun gauzengatik, ernegatu gaizki egindakoengatik eta beti jakin duzu zein bide zapaltzen ari zinen, zeure buruarekin batera ibiltzen baitzinen. Baina gaur ez duzu zeure ahotsa entzuten, ez dakizu non zauden, ote zaren ere, zeure bizitzatik desagertu baitzara. Konturatu gabe, zeure bizitza okupatu dute, eta okupazio honek ez du zerikusirik autogestioarekin, justu kontrakoarekin baizik. Okupazio hau ez da abandonatutako etxe bati bizitza emanez hasten, bizitza zuen etxe baten atean kateak jarriz baizik.

Ikasle garaian okupatuta zenuen burua, baina ikasgaiek ez zituzten zure ametsak estaltzen. Orduak ematen zenituen ikasten, azpimarra-tzen, apunteak eskatzen, baina bertan zeunden, zeure helburuekin, itxaropenekin, zeure buruaren irudi gutxi gora beherako batekin. Baina gero lan merkatuan sartzeko garaia heldu zen, eta hor gertatu zen, hor hasi zinen zeure buruarengandik urruntzen, zeure denbora eta ametsak sakrifikatzen gasaren faktura ordaindu ahal izateko. Hala ere, oraindik bazenuen noizbait zeure burua entzun eta ikusteko tarterik, baina umeak heldu zirenean, zerbaitek eskuetatik irrist egiten zizun eta zeure eguneroko dekoratua Plastidecor laranja, berde eta gorriz margotu zuten.

Eta gaur, jada eguna amaitzear dagoenean eta begiak irekita mantentzeko ahalegin handia egiten duzun bitartean, jakin nahiko zenuke non eskatu behar den instantzia bat zeure buruarekin vis a vis bat izateko, zeure burua miatu, ezagutu, ukitzeko, bien arteko kristalik gabe aurrez aurre begiratzeko. Inoiz izan zinen pertsonari bidean bilakatu zaren pertsona guztiak gehitu eta zeure burua berriz ezagutzeko.